Adibidez, aztertuko dute Udal Araudi Organikoa aldatzea; baita ere aztertuko dute 2008ko Aurrekontua betetzeko Arauak aldatzea eta oro har, bere aplikaziorako Auzitegi Nazionalaren Instrukzioko 5 zk.ko Epaitegi Zentralaren 2008ko otsailaren 8ko Autoaren berri emango dute.
Garzonen autoa albo batera lagata, baina alkatearen kartzealaratzearekin segituz, kartzelaratze horren aurrean Adierazpen Instituzionala onartzeko proposamena egingo dio udalbatzarrari bozeramaileen batzordeak. Eta gai berarekin lotuta, jakinaraziko dute alkatearen “ausentzia” dela-eta, Oihana Aranburu alkateordeak beteko dituela haren lanak eta alkateordeak izendatzeari buruzko dekretuaren berri ere emango dute.
Bestelakoak
Dena den, gai politiko horiez gainera, herriko eguneroko jardunarekin lotutako hainbat gai ere landuko dituzte eguenean. Adibidez, dirulaguntza eskatzea Garibai etorbiderako bus markesina bi erosteko. Legarre eremua ere berbagai izango dute, hain zuzen ere, eremu hura antolatzeko planaren behin betiko onespena proposatuko dutelako. Eta obra kontuekin bukatzeko, Ferrerias kalean plaza berria eraiki ahal izateko, orubean dagoen eraikina jabegabetzeko espedienteari hasiera ematea proposatuko dute.
Mozioak
Bestalde, euskara kontuak ere landuko dituzte, izan ere, Arrasateko Udalaren Euskararen Erabilera Plana onartzea proposatuko diete alderdi politikoei. Eta bukatzeko, bi mozio ere ipiniko dituzte mahai gainean. Bata alderdi sozialistak, Legutioko atentatua gaitzestea eskatzen. Eta bestea, berriz, Udaleko Enpresa Komiteak egindako eskaera bat izango da, EB-Zutik koalizioak babestutakoa. Ino Galparsoro alkatea udaletxera itzul dadin eskatzeko pankarta udaletxeko balkoian jartzeko eskatuko dute.