Alkate izateko hautagaiak sozialista izan behar duela uste du PSE-EEk - BIDEOAK

Goiena 2008ko api. 10a, 18:21
Ez ohiko osoko bilkura eskatu dute EAJ eta PSE-EEko Arrasateko zinegotziek asteon alkatetzan. Bilkura horretan bi alderdien artean adostatuko mozioa aurkeztuko dute.

Mozio horretan eskatzen dutena zera da: Udal arduradunek konpromiso "garbi eta kontsekuentea" har dezatela honako lau puntuen gainean: "Giza duintasunaren errespetua, eta bereziki bizitzarako eskubidea izan daitezela eskubide guztien eta askatasunaren oinarri. Pertsona guztien giza eskubideen defentsa eta eskubide horiek errespetatu ezean, hori arbuiatzea. Aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioa onartzea eta horiek bermatzea. Eta esklusiboki bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuaren aldeko apustua, eta, ondorioz, indarkeriaren erabileraren aurka agertzea eta gaitzestea, baita indarkeria hori posizio politikoak defendatzeagatik edo prozesu politikoak hondatzearen mehatxu egiteko erabiltzen denean ere".

Gaineratu dute "printzipio horien argitasunean, ETAren ekintza terroristak, bere azken atentatu hilgarriak eta bere azken komunikatuan adierazitako mehatxuek printzipio horiek urratzen dituztela". Eta azkenik, diote "aurreko puntuekin bat ez datozen udal arduradunen dimisioa" eskatuko dutela. 

Ez ohiko osoko bilkura hori noiz izango den oraindik ez dute jakinarazi alkatetzatik, baina EAJk eta PSE-EEk eskatu dute urgentziazkoa izan dadila.

Alkate sozialista

Mozioari dagokionez, Paco Gartzia sozialistak azpimarratu du mozioan "gaitzespen hitza modu esplizituan jasotzen" dutela, "EAEk eta alkateak orain arte egin ez duen gaitzespen hori". Gartziak gaineratu du "ados" daudela EAJk markatutako ibilbide orriarekin. Dena dela zera ere gaineratu du: "Uste dugu Arrasaten eman direla dagoeneko aurrerapauso batzuk, eta zuzenean zentsura mozioa aurkeztea nahiago genuke. Baina pozik gaude lortutakoarekin. Izan ere, bi alderdien artean finkatu dugun ibilbide orri horren helburua da Arrasateko alkatearen dimisioa lortzea".

Zentsura mozioari dagokionez, Gartziak aurreratu du "printzipioz hautagaia sozialista" izango dela: "Zerrenda bozkatuena errespetatuta, hautagaia partidu sozialistakoa izan behar da. Ez dut gura inorengan pertsonalizatzea. Hala ere, mundu guztiak daki udal hauteskundeetan sozialisten hautagaia ni izan nintzela". PSE-EEko ordezkariak aurreratu du EAJrekin hitzartuta dutela zentsura mozioa. Eta aprobetxatu gura izan du kontu hau eskertzeko "Isaias Carrascoren familiari eta guri emandako babesa". Gaineratu du, "Isaiasen izpirituak bizirik jarraitzen duela" eurengan, eta hala segituko duela.

 

Exekutibetan lanean

Alderdi nazionalistari dagokionez, berriz, Luis Mari Apraitz bozeramaileak aditzera eman du bi alderdien exekutiben artean adostutakoa izan dela mozioa. Hurrengo alkatea nazionalista izango den galderari erantzunez, berriz, zera dio: "Ez dut uste hortik joango denik. Gainera, orain egin duguna da lehen pausoa; zentsura mozioa izango da bigarren pausoa eta oraindik ez dugu landu. Lan gogorra egin beharra dago: zein izango den alkate, udal gobernabilitatearen gainean… alternatiba guztiak daude zabalik eta ez dugu baztertzen oposiziora ez garenik joango. Dena den, alderdien exekutibak dira instrukzioak ematen dabiltzanak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak