'Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza' liburua egin berri dute Marixol Iparragirre eskoriatzarrak eta Joseba Garitaonaindia arrasatearrak. Iparragirre Fresnesko espetxean dago eta horren ondorioz liburua egiteak denbora luzea eman die.
Egileak bi direnez, aurkezpenak bi lekutan egingo dituzte: astelehenean, abenduaren 15ean, Fresnesko (Frantzia) espetxeko emakumezko eta gizonezko moduluetan, hurrenez hurren aurkeztuko dute Marixol Iparragirrek eta liburuko zuzenketak egin dituen Mikel Albisuk.
Egun berean, baina arratsaldeko 18:30ean, Joseba Garitaonaindiak liburua aurkeztuko du Arrasateko Kulturateko kalistroetan. Garitaonaindiak herritar guztiak gonbidatu gura izan ditu liburuaren aurkezpenera.
Liburu horri esker, protagonista zein izan zen jakiteaz gain, Malbek hain ezagun egin zuen Aguas y pastos libres! aldarrikapenaren arrazoiak eta historia ezagutzeko aukera izango da. Egileek nabarmendu dute jende askok lagundu dituztela, eta liburu hau egitea "auzolana" izan dela.