Aldundiko eta Udaleko ordezkariek mendebaldeko saihesbideko lanak bisitatu dituzte

Txomin Madina Milikua 2008ko azaroaren 14a

Uztailean hasi ziren lanok, eta astelehenean ekingo diote larrialdietarako galeria zulatzeari. Lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Eneko Goya, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Ino Galparsoro Arrasateko alkateak. Asmoa da egunero Arrasate erdigunetik ibiltzen diren 7000 ibilgailu bertatik ateratzea.

Abian dira dagoeneko Arrasateko mendebaldeko saihesbideko lanak, Mugarriko bidegurutzetik Markuletera joango direnak. Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu den Eneko Goya, Aldundiko errepide zuzendari den Juan Mari Apraiz, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea eta Inazio Garro Aretxabaletako alkateak besteak beste, proiektuaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko aukera izan dute gaur. Lehenengo, Jose Manuel Erauso lanen zuzendariak azalpen teknikoak eman dizkie, eta ondoren, lanak egiten ari diren lekura bertara joan dira.

Eneko Goyak aipatu du horrelako azpiegitura bat beharrezkoa zela, kontutan hartuta gainera gune horrek duen indar ekonomikoa. Lan zailak izango direla gaineratu du Goyak, eta aipatu du ibarreko lurretan beste azpiegitura batzuk egin dituztenean, adibidez AP-1 autobideko lanak, geologiak buruhauste bat baino gehiago eman dituela.

Ino Galparsorok ere azpiegitura honen premia azaldu du, eta gaineratu, lanen epeak gertutik jarraituko dituztela. Azpimarratu du era berean, lanen ondorioz lurrak kamioiz alde batetik bestera eraman beharko direla,  momentu batzutan erdiguneko trafikoa zailduz, eta hori ere kontutan hartu beharko dela.

Lanen nondik norakoak

Sahiesbideak denera 2014 metro izango ditu, eta aurrekontua, 41 milioi euroren bueltan ibiliko da. Hainbat elementu jasoko ditu bere baitan, tartean, iparraldeko sarbidean Aramaio errekaren gainetik egingo den zubia,  edo hegoaldeko sarbideko lubetak eta inausketak. Markuleten eta Mugarrin biribilguneak egingo dituzte, nahiz eta azken honetan proiektua berriz ere aztertzen dabiltzan.

Dena den, azpiegituraren elementu garrantzitsuena, Olandixoko tunela da. 835 metro izango ditu, eta aurrekontua ia 27 milioi euro da. Bost metroko altuera izango du tunelak, eta bi karril denera, bakoitza 3,5 metrokoa. Larrialdietarako galeria bat ere eraikiko dute, tunelarekiko paraleloa izango dena. Tunela eta galeria 300 eta 500 metroetan konktatuta egongo dira.

Astelehenean hasiko dira larrialdietarako galeriarekin, eta asmoa da tunelarekin hemendik hilabete barru hastea, Olandixoko lurren nolakotasuna aztertu eta gero. Bi sarbideetako eta lubetaren eta inausketaren lanak abian dira dagoeneko. 24 hilabetetan lan guztiak amaituta egotea aurreikusten dute.

Lanon sustatzailea Gipuzkoako Foru Aldundia da, eta LKS enpresa arduratu da proiektua idazteaz. Obren zuzendaritzako asistentzia tekniko Geoconsultek egingo du, eta lanak berriz, hiru enpresak: TECSA, Obras Subterraneas eta Campezok.

GI-627ko konponketak

Gaurko bisitan egindako galderei erantzunez, Eneko Goya errepide azpiegituretako diputatuak  iragarri du atzo bertan istripua egon zen GI-627 errepidea (egungo Arrasateko saihesbidea) konpontzeko lanak aurreikusita dituztela dagoeneko, eta lan horiekin hasiko direla behin AP-1 autobideko lanak bukatzen dituztenean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak