Alderdi Sozialistak utzi egin du Udaleko Obra eta Zerbitzuen batzordea

Ubane Madera 2008ko urt. 16a, 13:07
Adierazitakoaren arabera, garbiketaren araudiarekin lotutako proposamen bat aurkeztu zuten sozialistek, baina "Obra batzordeko presidenteak eta gainerako alderdi politikoek ez dute hura eztabaidatzerik gura izan". Horrexegatik hartu dute Obra batzordea uzteko erabakia.

Hori horrela, PSE-EEk dio udalerriko alderdi politikoek bazterkeria egiten dietela euren proposamenak Udalean ez eztabaidatzeko. Sozialistak konbentzituta daude alderdi politiko guztiak “Eusko Abertzale Ekintzaren txotxongilo hutsak” direla eta guztiak akusatu ditu euren kontrako “boikota” egiteaz,  orain hasi duten “kanpaina zikin” baten bitartez.

Horren harira, azpimarratu dute “beldurra eta segurtasun falta” dutela gainerako alderdi politikoek eta gaineratu dute “Ezker Batuak beste behin demostratu egin duela bere ahultasuna”. 

Paco Gartziaren, alderdi sozialistaren bozeramailearen esanetan, “EAEren eta gainerako alderdi politikoen jarrera guztiz onartezina eta ulertezina” da. Zera ere badio: “Heldua den demokrazia batean, herritarrek gura dutena da politikoek herriarendako proposamen eta irtenbideen gainean eztabaidatzea”. Hori horrela, sozialisten ustez “onartezina” da alderdi politikoek euren proposamenak ez eztabaidatzea.

Isunak, pintadak egitearren

Alderdi sozialistak egindako proposamenari dagokionez, berriz, kaleko garbiketaren araudiarekin lotutakoa da. Gartziak jakinarazi du orain dela hiru hilabete aurkeztu zutela eta haren bitartez, proposatu zutela pintadak egitearren, kartelak ipintzearren, espaloiak zikintzearren edo paskinak botatzearren isunak ipintzea. Hain justu ere, 150 eta 2.000 euroren arteko isunak proposatu zituzten sozialistek.

Euren esanetan, “Arrasate da, seguru aski, kaleko garbiketarekin lotutako araudirik ez duen udalerri bakarra”. Azaldu dute ekimen horrekin sozialistek gura dutena dela “kartelez eta pintadaz beteta dauden herriko zenbait kalek erakusten duten irudia saihestea”.

Bukatzeko, sozialistek diote “tinko mantenduko direla, Arrasateko herritarren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak egiten”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak