Alderdi Sozialistak uste du Udal Gobernua ez dela batere eraginkorra

Arritxu Barruso 2007ko aza. 9a, 17:05
Arrasateko Alderdi Sozialistak koherentzia eskatu dio Udal Gobernuari, hauteskundeetan aurkeztutako programarekiko koherentzia. Sozialistek uste dute, gainera, Udal Gobernuak hiru hilabete hauetan ez duela inolako ekimenik aurkeztu herritarren arazo nagusiei irtenbideren bat topatzeko.

Etxebizitzaren arazoa, gizarte zerbitzuetarako itxaron zerrendak, erraustegia, merkatal zentroa edota Ikutixo. Horiek izan dira, besteak beste, Francisco Garcia Arrasateko Alderdi Sozialistako zinegotziak hizpide izan dituen gaiak. Horien guztien gestioari zero bat ipini dio. Sozialistek salatu dute azken hiru hilabete hauetan Udalbatzak ez duela inolako ekimen edo proposamenik aurrera eraman arazo horiei irtenbide bat aurkitzeko.

Sozialistek erantzunak eskatu dizkiete Udal Gobernua osatzen duten alderdiei; erantzunak eta ekimenak. Garciak adierazi du, orain arte proposamen bakarra eurak egin dutela, Arrasateko garbiketa zerbitzuak erregulatzeko ordenantza baten proposamena. Garciak uste du herria sekula baino zikinagoa dagoela eta kaleetan pintadak egiten dituztenak zigortuak izan behar direla esan du.

Sozialisteek adierazi dute herritarrek, gaur egun oraindik, ez dutela ezagutzen Eusko Abertzale Ekintzak eta Ezker Batuak datozen lau urteotarako landu duten programa. Salatu dute, bestetik, Udal Gobernua osatzen dutenek boterea euren artean banatu dutela eta gainontzeko alderdiak alde batera utzi dituztela.

Alderdi Sozialistak Udaleko zinegotziak liberatzeko eskatu zion Udal Gobernuari legealdiaren hasieran, eta honek ezezkoa eman zien. Hori ere gogor salatu du Garciak eta izen eta abizenak ere eman ditu. "Ander Rodriguez jaunak joan den agintaldian, Udal Gobernutik aterata ere, liberatuta jarraitu zuen, gaur egun duen soldata baino altuagoarekin, eta ez zuen ezer esan, gustura zegoen zeukan soldatarekin. Orain gutxiago irabazten du, eta badirudi orain ere gustura dagoela" esan du Garciak.

Sozialistek uste dute oposizioak Udal Gobernuaren jardueraren jarraipena egin behar duela, oposizio on bat egin nahi bada. Horretarako denbora eta baliabideak behar direla adierazi dute.

Azkenik Ezker Batuari eskatu diote azaltzeko zergatik osatu duen gobernua Eusko Abertzale Ekintzarekin, honek biolentzia kondenatzen ez duenean. Garcia uste du, gainera, Ezker Batuari gehiego gustatzen zaiola boterea eta 'poltronistak' direla esan du; "Hauteskunde kanpainan asko hitz egiten du, baina gero berehala korrika joaten da gobernua osatzera, EAJrekin, HBrekin edo EAErekin, hau da, edozeinekin". 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak