Baliteke garaipenerako faboritoa ni izatea, baina lokatz askoko lasterketa batean denetik gerta zitekeen. Egia esan, jaitsiera oso arriskutsua zegoen, eta hasieratik distantzia apur bat hartu gura izan dut, ezusterik ez izateko", adierazi zuen helmugan Apezetxeak.
Openeko liderra zuzen zebilen. Aldapan gora ibilbide osoa bizikletan egin zitekeen, baina Ikutixora egin beharreko jaitsiera infernu bilakatu zen askorendako. Bizikleta gainean trebeenek –Ederrako guztiek– bizikletatik jaitsi barik egin zuten jaitsiera, hasierako itzuliak bai, behintzat: "Hirugarren bueltan ikusi dut ez zuela merezi arriskatzen ibiltzeak. Oso labainkor zegoen, nekez domina zitekeen bizikleta eta kolpe on bat hartzeko ez zen asko behar", Igor Bazen (Ederra) berbak dira.
Denon gustura, ezin
Joan den urteko probarekin alderatuta, jaitsierak ikusgarritasunean galdu zuen, gauzak diren moduan. Azken astean botatako euriak ez zuen batere mesede egin, eta batzuek protesta egin zuten, jaitsiera horretan bizikleta apurtu eta min hartu, ezin zitekeela besterik egin esanez. Beste batzuk, berriz, euren saltsan ibili ziren: "Jaitsiera guztiak horrelakoak izan behar ziren; bakoitzak jakingo du zenbat arriskatu", adierazi zuen bigarren sailkatu Joseba Leonek (Ciclos Maestre).
Antolatzaile lanetan buru-belarri ibili den eta atzo 18. sailkatu zen Felix Zugasti (Ederra) ere iritzi berekoa zen: "Aldapa behera txarto? Nik aldapa gora izan ditut arazoak, ez aldapa behera!", bromatan.
Bihar izango duzue, Asteleheneko Goienkarian, lasterketaren gaineko kronika zabala, eta sailkapena.