Aldain, kanposantu zaharra dagoen lekuan, parke publikoa eraikiko dute

Ubane Madera 2007ko urt. 15a, 10:12
Aldai kalean parke publikoa eraiki gura du Udalak. Hain zuzen ere, herriko kanposantua zegoen leku berean egin gura du hori. Izan ere, San Kristobalen kanposantu berria eraiki zuen Udalak 1994an, eta harrezkero, apurka-apurka Aldaiko kanposantu zaharra gorpuzkiz husten joan da Udala. nahiz eta oraindik badauden han kanposantu zaharrarekin lotutako hainbat eraikin.

26 egun proposamenak egiteko

Kontuak kontu, inguru guztia eraldatuko dute laster eta parke bilakatu. Eta helburu horrekin lehiaketa publikoa deitu dute, urbanizazio proiektua zeinek idatziko duen aukeratzeko.

Deialdi hori joan den egubakoitzean, hilaren 12an, argitaratu zuten Gipuzkoako Buletin Ofizialean. Hori horrela, lehiaketara aurkezteko interesa daukanak gaurtik, hilaren 15etik aurrera aurkez dezake proposamena. Biztanleen Arreta Zerbitzuan egin behar du hori, 26 egun naturalen epean.

Proposamenak aurkezteko epea bukatu eta bigarren eguaztenean erabakiko du Udalak lehiaketa zeini esleitu.
Lehiaketa irabazten duenak, asko jota, sei hilabeteko epea eta 30.000 euroko aurrekontua izango ditu gero proiektua idazteko.

Eremu zabala eta berdea

Parke berriarendako 9.192 metro koadro ditu Udalak Makatzenara bidean, espazio hura jabetza publikoa da-eta.

Bestalde, gunearen hedadura kontuan hartzeaz gainera, proiektua idazten duenak honako aspektuak landu beharko ditu: saneamendua, zoladura, argiteria, lorezaintza eta zuhaiztiak, besteak beste. Kontuan hartu beharko du, baita ere, oinezkoendako pasabidea egokitu beharko duela parkera iristeko.

Hala, baldintza horien arabera, parke berriak berdeguneak izango dituen eremu zabala izango da, eta ez azkenaldian horren modan ipini diren eta zenbait herritarren kritikak jaso dituzten espazio zabal huts horien modukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak