Aldai eta San Kristobalen hiletak egin ahal izateko araudia onartu du Zerbitzu Sailak

Ubane Madera 2010ko eka. 8a, 14:06
Udal Zerbitzu Sailak araudia onartu du leku publikoetan hiletak egiteko aukera bermatzen duena. Araudi horren arabera, Arrasaten bi kokagunetan egin ahal izango dira hiletak: Aldai parkean edo San Kristobal hilerrian. Edozelan ere, araudi hori indarrean sartzeko osoko bilkuraren onespena behar du.

Hileten gaineko araudiak aurrera eginez gero, astelehenetik egubakoitzera egin ahal izango dira hiletak leku publikoetan, arratsaldeko seietatik zortziak bitartean. Zapatu eta domeketan, berriz, ezin izango da mota horretako ekitaldirik egin. Zerbitzu Sailak onartutako araudiak zehazten du, baita ere, beharra izanez gero, hilerriko gaur egungo langileak gertu izango direla hileta horietan laguntzeko.

Bestalde, beste edozein hiletetan moduan, hileta egiteko baimena eskatu egin beharko zaio Udalari, hiletaren egunean bertan, goizeko hamaikak baino lehen. Biztanleen Arreta Zerbitzuan egin behar da hori. 

Edozein erlijiotako fededunendako

Patxi Arburuak, Zerbitzu Saileko buruak emandako azalpenen arabera, oso oinarrizkoa da onartu duten araudia. Alternatiba Zutik koalizioak eta Aralar alderdiak hileta zibilak egiteko aurkeztutako eskaera abiapuntu moduan hartuta, udal gobernuak ordenantza prestatu du, Arburuaren esanetan, edozein erlijiotako fededunek, eta fededun ez direnek ere, hiletak edo azken agurrak leku publikoetan egin ahal izateko.

Osoko bilkuratik pasa behar

Esandako moduan, Zerbitzu Sailak onartu du hileten gaineko araudia, baina araudia denez, legeak zehazten duen moduan, osoko bilkuraren onespena behar du. Behin hori lortuta, hilabetez jendaurrean ipini beharko dute, alegazioak hartzeko. Ez balego alegaziorik, araudia indarrean sartuko litzateke; aldiz, alegazioak badaude, haiek aztertu eta erantzun, eta atzera ere osoko bilkurak izango du azkeneko berba. Beraz, oraindik bide luzea dauka egiteko hileten gaineko araudiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak