Aldai, Aldaigain eta Santa Marinako bizilagunak batzarrera deitu ditu Udalak

Ubane Madera 2009ko api. 21a, 12:48
Udaleko Obra Sailetik, Aldaiko, Aldaigaineko eta Santa Marinako auzotarrei zuzendutako abisua bidali dute. Inguru horietan egin behar dituzten obrak direla-eta, bi batzar deitu ditu Udalak. Bihar, Aldai eta Aldaigaineko auzotarrak deitu dituzte 18:30ean osoko bilkuren aretora. Bigarren hitzordua, berriz, eguenerako egin dute, ordu berean eta leku berean, baina kasu horretan, Santa Marinako auzotarrendako.

Arrasateko Udalak, besteak beste, Aldaiko hilerri zaharraren orubean parke berria eraikiko du eta Santa Marina auzoa eraberrituko du Estatuko Fondotik bideratutako diruekin. Biak ala biak obra handi samarrak dira; hala ere, aurten hasi eta aurten bukatu beharko dituzte, hori da-eta, Estatuko Fondoko dirulaguntza eskuratzeko bete beharreko baldintzetako bat.

Obrek eragin handia

Hori horrela, Udalak aurreikusi du obrek eragin handia izango dutela auzotarrengan eta horrexegatik erabaki du haiekin batzarra egitea. Batzarren bitartez bizilagunei obren nondik norakoak azalduko dizkiete: obren epeak, auzoetako pasabideak eta halakoak itxi beharko dituzten edo ez, Santa Marina auzoaren kasuan obrak autoen joan-etorrian izango duen eragina, garajeen sarrera-irteeretan, aparkalekuekin zer geratutako den eta halakoak.

Auzotarren ordezkaritza taldea

Horrez gainera, biharko eta etziko batzarren bitartez, gura dute hiru guneetako bizilagunen eta Udalaren arteko informazio bidea sortu. Hau da, obrak egin bitartean izan daitezkeen behar, zalantza eta bestelakoak bideratzeko auzoetan ordezkaritza sortu gura dute. Hirigintza Sailetik emandako xehetasunen arabera, auzoetako alkatetzen bitartez-edo bideratuko dute ordezkaritza talde horien sorrera.

Aldaiko obrak, atzo

Esandako proiektu biei dagokienez, Aldain parke berria egiteko lanak justu atzo hasi zituzten. Obra Sailetik emandako xehetasunen arabera, hilerri zaharraren barruko aldean hasi dituzte obrak. Obegisa enpresak egingo ditu obrak eta proiektuaren arabera, urrian bukatu beharko dituzte.

Santa Marina, bi aste barru

Santa Marina auzoa eraberritzeko lanak, berriz, maiatzaren 4an hasiko dituzte. CIG eta Promociones y Pavimentos Balgarzoren arteko aldi baterako enpresa elkarteak egingo ditu. Kasu horretan urte amaierarako bukatu beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak