AHTri ez esan diote milaka lagunek

Irati Agirreazaldegi 2007ko abe. 15a, 23:16
Milaka lagunek eskatu dute Arrasaten Abiadura Handiko Trena gelditzeko. Manifestazioa egin dute jai giroan herriko kaleetan eta amaieran AHTren aurkako udal eta hautetsien sarearen zein AHT Gelditu Elkarlanaren izenean berba egin dute ordezkariek.

Goardia Zibilak Arrasateko sarreretan ipinitako kontrolak medio berandutu egin da manifestazioa, mobilizazioan parte hartzera zetozen asko eta asko gerarazi egin baitituzte.

Hala ere tren bagoi mordoa betetzeko adina jende elkartu da Arrasateko kaleetan. Zanpantzarrak aurretik zituztela abiatu da manifestazioarn burua 17:30ean. Inposaketarik ez, AHT gelditu lema zeraman pankartarekin AHT Gelditu Elkarlaneko, Lab sindikatuko, Zutikeko eta Aralarreko ordezkariak. Atzetik sekulako jende uholdea Euskal Herriko txoko askotatik etorriak. Besteak beste, jende artean, Rafa Diez, Nekane Erauskin, Iñaki Antiguedad, Arantza Urkaregi… Banderak, pegatinak, kartelak eta oihuak izan dira nagusi ibilbide osoan barrena: Txikiziorik ez, AHTrik ez moduko oihuak, hain zuzen ere. Izan da kartoiz egindako trenik ere manifestarien artean eta buruhandiak ere ez dira falta izan. Jai giroan egin dute, hortaz manifestazioa.

AHTren aurkako Udal eta hautetsien sarea

Manifestazio burua Biteri plazara iritsi eta txalaparta eta adar hotsez hartu dituzte manifestariak. Manex Agirre eta Jokin Labaien bertsolariek jardun dute gero eta hauen ostean, Ino Galparsoro Arrasateko alkateak hartu du hitza AHTren aurkako Udal eta hautetsien sarearen izenean. Esan du, "Kontrakoa pentsarazi nahi badigute ere, gai honetan esateko duguna asko da, bai herritarrok, baita Udalok ere. Horrexegatik, lanean tinko jarraitzeko konpromisoa mantentzen dugu, gure eguneroko zereginetan erabaki instituzionalak eta herritarren borondatearen arteko distantzia laburtzen jarraituz eta inposizio honi ezetz esanez". Bestalde, "ezetz esan behar zaio "goitik" inposatu nahi diguten erokeria honi eta zentzugabekeriari ezetz esateko kalera irten behar dugu", esan du. Gaineratu du, "ez herritarrok ezta Udalak ere ez gaituzte informatzen; informazioa ukatu, desinformatu eta engainatu egiten gaituzte. Ez digute galdetu eta galdetu dutenak zigortzen saiatzen ari dira".

Karratua borobila da bikoteak AHTren aurkako kantu bat eskaini du gero eta taula gainean izan da baita ere Italian abiadura handiko trenaren aurkako borrokan diharduen talde bateko ordezkari bat. Val Susan trenaren lanak geldiarazte lortu zuteneko euren esperientzia azaldu eta elkartasuna adierazi du.

AHT Gelditu Elkarlana

Arratsaldeko zazpiak ziren azken manifestariak Biterira iritsi direnerako eta lepo beteta zegoen plazaren aurrean Mila Elortza AHT Gelditu Elkarlaneko ordezkariak hartu du hitza. Besteak beste esan du: "Gero eta gehiago gara, eta horregatik, AHT inposatu nahi diguten horiek, egitasmo xahutzaile eta zentzugabe honen kontura beren biziko negozioa egin asmo duten horiek, gero eta urduriago daude". Salatu du AHTren egitasmoa “batere informazio gardentasunik eta herritarren parte hartzerik gabe” jorratu dutela. "Herritarrei hitza era erabakia lapurtu eta erabaki ahalmen osoa politikari profesionalen eskuetan uzten duen eredu horren erakusgarri da".

AHTari ezezkoa emanez amaitu da ekitaldia eta antolatzaileek bertan elkartutakoei "AHT geldiarazte aldera borrokatzeko gonbitea" luzatu diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak