Ahaztu egin diren altxor naturalak berreskuratu nahi ditu Besaidek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko urriaren 18a

Urriaren 23an Montzon izena duen haitzuloa txukunduko dute; auzolanean eta gaztetxoekin. Zikinkeria kentzeaz gain, Montzon eta herriko beste zenbait txoko ezagutarazi gura ditu Besaidek.

Besaide mendizale elkartea iraganean ahaztuta geratu diren Arrasate eta inguruko "altxor naturalak" berreskuratu guran dabil. Berreskuratu esaten dutenean, utzita eta zikin dauden txokoak garbitu eta herritarrei ezagutzera ematea esan gura dute. Horretarako, Besaideko zenbait kide harremanetan ari dira Udalarekin eta, ingurumenaren eta gure ondarearen aldeko ekimena denez, Udalak begi onez ikusten du.

Azken helburua, Aitor Zubiaga Besaideko zuzendaritza taldeko kideak dioenez, bisitatzeko interesgarriak diren herriko txokoez osatutako bide sarea egitea litzateke. Esaterako, Monterron parkea abiapuntu hartuta, gugandik gertu dauden altxorrak zeharkatzen dituzten ibilbideak osatzea litzateke emaitza posible bat. Oraindik, baina, "lan asko" dago.

Lehen bisita, Meatzerrekara

Lehen helburua Meatzerreka auzoan dagoen Montzon kobazuloa txukuntzea izango da. Urriaren 23an joan gura dute eta haitzuloa auzolanean txukundu.

Halaxe azaldu du Zubiagak: "Montzoneko koba zikinkeriaz beteta dago eta hura garbitu gura dugu. Baina horrez gain, hemen koba bat dagoela ezagutarazi nahi dugu, jende askok ez daki-eta". Izan ere, dio Zubiagak, "oso kuriosoa" da Montzoneko koba: "Zelai batean kokatuta dago eta erreka pasatzen da erdi-erditik; horregatik da hain polita". Zikinkeriak, baina, kobaren edertasuna desitxuratu du: "Denetariko zikinkeria aurkitu daiteke: plastikoak, kristalak, metal puskak... Garbitzera joaten garenean, hilaren 23an, ikusgarria izango da aterako dugun kaka kopurua". 

Belaunaldi berriei irakasten

Besaidek abiarazi gura duen ekimenak badu alde didaktikoa ere: "Haur eta gaztetxoek kalean, zakarrontzia ondoan izanda, zikinkeria lurrera botatzeko ohitura handia dute. Ea, bada, kontrakoa egitera animatzen ditugun", dio Besaideko kideak. 

Horretarako, gaztetxo talde bat osatu dute lehen irteerarako; gehienak lagun eta gertukoen seme-alabak izango dira. Hala ere, deialdia irekia da erabat. Lan egin ostean bapo jateko aukera izango dute, Udalaren kontu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak