Atipikoak direla taldearen garapenaregatik diogu. 90 hamarkadan, Arrasateko oi!aren hirugarren eztandan lehertutako taldeetako bat izan zen eta ordutik zaleen babesak ez die huts egin. Hala ere azken urtetakoak dira euren bi diskoak (split bat eta Zilegi al da? luzea) baina zuzenean ere ez ditugu larregi ikusi. Beste patxada bat izan dute hauek, aldarte berezia. Edozelan ere, zapatukoa omenaldia izan zen, bai taldeari zein jarraitzaileei. Sarrerak, bestela ezin, agortuta. Giroa gainera, lehenagotik ere bazetorren berotuta lagun arteko afaria egin zuten-eta Uerkapen 80 bat lagun gonbidatuta. Gauak beraz, ospakizun-jai izateko beharrezko osagai guztiak zeuzkan bermatuta. Aretoa gainezka – ia arnasa eragozteko lain –, jarraitzaile sutsuenak eta lagunak ondo ardurartu ziren lehen unetik agertoki pareko lehen lerroetan pilatzeaz.
Lagunak aretoan eta oholtzan
Zer esanik ez, lagunarteko agurra izan zela eta horietxen kolaboraziorik ez zela falta izan. Horien artean, tarte berezia izan zuten Never Surrenderrekoek, hainbat abesti elkarrekin jo zituzten-eta. Hain zuzen, haiekin atera zuten aipatutako splita eta argi ikusi zen talde "anaia" dela hura eurendako.
Bi ordu luzeko emanaldia izan zen eta lagunak gonbidatzeaz gain Zakarrak edo RIP taldeen bertsioetarako beta hartu zuten Enboskadakoek edota kideen ardurak trukatzeko eta Oxel abeslaria baterian ikusi eta Kuki abesten entzuteko, besteak beste. Izerditan, luze jota eta agertokira koadrila galanta gonbidatuta amaitu zuten eta festa on guztiek merezi duten moduan, ba, confettiarekin. Festa baina ez zen han bukatu instrumentuak erretiratutakoan DJen aurrez aurrekoa egon zen. DJ Moek eta DJ Pottokok egin zuten dueloa goizaldeko ordu txikiak arte.
Agurra une gozo baten
Agurra ez zen edonolakoa izan. Hala ere, momentu goxoan erabaki dute taldea uztea, harrigarria, diskoa kaleratu berri eta jarraitzaileak oraindik sutsu dituztela. Gozatua behintzat inork ez die kenduko.