Gaur bertan Berlinera bidean jarri da Aggressive Combat talde arrasatearra. Biran joan dira Alemania eta Txekiar Errepublikara, eta astebeteko egonaldian sei kontzertu eskainiko dituzte. Ez dira areto handietako emanaldiak izango, ez horixe. Laukote arrasatearra oso gustura sentitzen da tabernako giro izerditsuan, eta hala ibiliko dira atzerrian ere; seitik bost kontzertu tabernetan dira, eta bestea, etxe okupatu batean.
Aste bukaerarako helduko dira, eta heltzeaz bat bi kontzertu izango dituzte: bihar, egubakoitza, Berlineko Rothen Insel etxe okupatuan joko dute, eta etzi, zapatua, Hanburgoko Jolly Roger tabernan –St. Pauli futbol talde enblematikoko jarraitzaileen topalekuan– izango dira. Bi kontzertuok Stevie izeneko lagun berlindar baten laguntzaz lotu dituzte. Domekan Praga bisitatzeko asmoa dute.
Alemaniatik Txekiara eta Txekiatik Alemaniara
Astelehenean, hilak 26, joko dute birako hirugarren kontzertua. Txekiar Errepublikako Velesin hirian egingo dute geldialdia, Jakub deritzon tabernan. Eta martitzenean herrialdeko bigarren hirian, Ceske Budejovicen, joko dute United Rebels taldearekin batera. Txekiar Errepublika atzean utzita, Alemaniara itzuliko da laukote arrasatearra, azken bi kontzertuetarako. Birako saio potoloenak izango dira. Dusseldorfen Rat City Riot talde amerikarrarekin eta Fightball alemaniarrekin joko dute, AK 47 tabernan. Eta birako azken kontzertua Dulmenen izango da, eta aurreko bi taldeez gain, Angel City Outcasts talde amerikar ezagunak joko du.
'Gura bada', badago irteterik
"Gogotsu eta ilusioz beteta" irten da taldea Europa aldera. Euren lehen bira da eta, diotenez, "sekulako aukera da kanpora irteteko eta gure musika zabaltzeko". Martxoan kolpe gogorra jaso zuten, Arnaiz gitarra joleak taldea uztea erabaki zuenean. Hala, bira ondo etorriko zaiela espero dute, taldearendako "urrats garrantzitsua" izango dela. Bestalde, musika taldeendako kanpora irteteko aukerak badaudela uste dute, "benetan irtetea gura bada".