Planean zehaztu dute 100 etxebizitza horietatik 20 izango direla tasatutako preziodunak. Hirigintza Sailetik esandakoaren arabera, “hobekuntza da hori Egitamu Orokorrari dagokionez, izan ere, Egitamuan aurreikusita zegoen guztira 82 etxebizitza eraikitzea eta gainera, etxebizitza horiek guztiak izango lirateke promozio librekoak eta dentsitate txikikoak, hau da, txikiak. Orain, berriz, plan partzialean planteatu dutena da etxeen blokea handitzea eta etxebizitza gehiago sortzea, batzuk, gainera, tasatutakoak”.
Bide berriak
Etxebizitza horiekin batera, bestelako azpiegiturak ere eraikiko dituzte Agerren. Adibidez, etxebizitza berrietara joateko errepidea egingo dute; hori izango da bide nagusia eta errepide horrek Santa Marina eta Santa Teresa kaleak lotu egingo ditu.
Horrekin batera, bigarren mailako bide bat ere eraikiko dute; horrek Makatzena kalea eta bide nagusia lotuko ditu. Era berean, han inguruan dagoen baserrira joateko bidea ere egokituko dute.
Aparkalekuak
Eta zela ez, bestelakoen artean, aparkalekuak ere eraikiko dituzte. 250 aparkaleku, guztira. Eta berdegunean ere bai; adibidez, 100 zuhaitz landatuko dituzte, etxebizitza bakoitzeko bat.
Agerreko plan partzial hori jendaurrean dago orain, gura duenak kontsulta dezan eta alegazioak hartzeko. 20 eguneko epea dago plana ikusteko.