Agenda 21arekin bat egin dute Herri Eskolek ere

Jon Berezibar 2007ko abe. 10a, 13:32
Gaur, astelehena, Agenda 21aren gaineko aurtengo hitzarmena sinatu dute. Hain zuzen ere, dokumentu hori sinatuko du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Hezkuntza Sailak, Arrasateko Udalak eta Arrasate Herri Eskolako zentroko zuzendariak. Hitzarmena sinatu dute 10:00etan, Erguin herri eskolako liburutegian. Hala, aurrerantzean Arrasateko ikastetxe guztiak izango dira Agenda 21 ekimenaren partaide

Arrasaten, 2003-2004 ikasturtean hasi zen Agenda 21 proiektua lantzen, Arizmendi Ikastolarekin eta Mesedeetako Andra Mari ikastetxearekin. Gero, hurrengo ikasturtean Arrasateko Institutuak bat egin zuen ekimen horrekin. Gaurko hitzarmen horrekin, aurrerantzean Arrasateko ikastetxe guztiek parte hartuko dute proiektuan.

Herri eskolatik aditzera eman digutenez, gainerako ikastetxeak Agenda 21 proiektuan sartu zirenean, eurak, herri eskolakoak bestelako proiektu batzuk lantzen zebiltzan, eta erabaki zuten haiek bukatu arte ez zirela sartuko Agenda 21 proiektu honetan. Dena den, azpimarratu dute, eurek landu dituzten proiektuetan ingurumenarekin lotutako gaiak ere landu dituztela.

Orain, berriz, bat egin dute Agenda 21 ekimenarekin eta gainerako ikastetxeek egiten dabiltzan moduan, aurtengo ikasturtean kontsumoaren gaia lantzen dabiltza herri eskolako neska-mutikoak. Ikasturteko lehen hiruhilekoan egin dutena da ikastetxeak kontsumoarekiko duen jarrera aztertu eta diagnostiko bat egin.

Hain zuzen ere, aztertu dutena izan da zein paper kontsumo egiten duen gaur egun Arrasate Herri eskolak. 3. mailatik hasi eta 6. mailara arteko neska-mutikoek egin dute azterketa. Emaitza urtarrilean aurkeztuko dute eta horrekin batera hobekuntzak proposatuko dizkiote ikastetxeari.

Ikasturteko bigarren hiruhilekotik aurrera, berriz, 6. mailakoek lehen zikloko ikasle gaztetxoei aurkeztuko diete egindako lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak