AEDren 25. urteurreneko ospakizuna sorpresa eta guzti: Ukan saria lortu dute

Arritxu Barruso 2008ko abenduaren 3a

AEDrendako egun handia da gaur. 25 urte bete ditu AEDk aurten eta urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia egin dute gaur Kulturaten. Ekitaldi honekin AEDren sortzaileak eta amets hura posible izan zedin 25 urte horietan lanean jardun duten pertsona guztiak omendu nahi izan dituzte; baita Arrasateko herria ere. Sorpresarik ere izan da ekitaldian. Bideokonferentzia bidez Lehendakaritzarekin bat egin dute Arrasateko Kulturaten, eta zuzenean ikusi ahal izan dute nola ematen zioten AEDri Ukan 2008 saria.

19:00ak inguruan, aretoaren kanpoaldean txalaparta jotzen zuten bitartean, apurka-apurka Kulturateko areto nagusia betetzen joan da. Eserlekuak beteta jendea atzealdean zutik geratu behar izan da. 200 pertsona inguru joan dira AEDren urteurrena ospatzera.

Erakundeen hitzaldiekin hasi da omenaldia. Arrasateko alkateak hartu du lehenengo hitza. Ino Galparsorok AEDren ausardia nabarmendu du euskararen gizarteratze prozesuan. Topaguneko lehendakari Karmen Irizarrek hitz egin du, gero. Euskararen alde bihotzetik lan egindako guztiei eskerrak eman dizkie Irizarrek: "Gaur AEDren ekitaldi honetan izatea plazerra eta ohorea da niretzat". Azkenik AEDko idazkari nagusiak, Eñaut Muxikak, hartu du hitza. Eskerrak eman diziki AEDren 25 urteko ibilbidea posible egin duten guztiei, baina, gogorarazi du etorkizunerako lan asko dagoela egiteko oraindik.

Hitzaldiak amaituta musikaren txanda etorri da. AEDren 25. urteurreneko abesti famatua ipini dute, Jokin Labaienek eta Gose taldeak elkarrekin egindakoa: 'Ez gorde museoetan'. Ondoren Goikobalu abesbatzak hiru kantu abestu ditu. Momentu unkigarrienetako bat izan da Goikobalukoek Mikel Laboaren 'Txoriak txori' abestia kantatu dutenean. Aretoa guztia Laboaren kantu famatua abestera batu da. Txalo zaparrada itzela izan da eta ondoren Mikel Laboaren gaineko bideoa ipini dute. Momentu berezia eta polita izan da.

Bertsolarien txanda iritsi da ondoren. Jokin Labaien eta Xanti Iparragirrek bertsotan jardun dute.

Sorpresa etorri da gero Maider Osa aurkezleak Lehendakaritzarekin zuzenean konektatuko zutela iragarri duenean. Izan ere, Lehendakaritzan Ukan 2008 sariak banatzen ziharduten. Kulturaten batutakoek zuzenean ikusi ahal izan dute AEDk nola jaso duen Ukan 2008 sari nagusia. Ander Etxeberriak jaso du Gasteizen saria.

Ekitaldia aurreskuarekin bukatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak