AEDren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete arrasatearrei

Asier Alkorta 2008ko mai. 29a, 12:16
AED elkarteak atzo, eguaztena, aurkeztu zituen 25. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldiak. Hain zuzen ere, aurkezpen ekitaldia, prestatu duten egitarauaren antzera, berezia izan zen. AEDkoek, horrenbestez, ez zuten urteurrena ohiko prentsaurreko baten bidez aurkeztu nahi izan.

Hala, ekitaldiaren sarrera Goiena Komunikazio Zerbitzuetako kazetari Xabier Urtzelaik egin zuen. Gero, Joxe Mari Muxika Txatxilipurdiko lehendakariak eta Leire Aperrabai Ekin Emakumeak elkarteko presidenteak AEDren historia azaldu zuten. Horren ondoren, urteurrena antolatzearen arduradunak, Olaia Murua AEDko teknikariak, antolatutatako ekitaldi guztien berri eman zuen, eta, amaitzeko, euskara elkarteko lehendakari Zigor Masipi egokitu zitzaion aurkezpen ekitaldia ixtea. Argazki proiekzioak ere izan ziren tartean.

Ospatu, baina lanean segi

Euskara elkartekoek lehen helburu moduan zehaztu dute ospakizunez gozatzea. Merezi dutelako, egindako lana goraipatzeko unea da. AEDn izan zirenei eta dihardutenei errekonozimendua egiteko momentua.

AED sortu zenetik euskalgintzak aurrerapauso nabarmenak eman ditu, bai Euskal Herrian zein Arrasaten bertan. Arrasateri dagokionez, euskararen egoerak nabarmen egin du hobera. AEDk emandako datuen arabera, 1983an hamarretik batek erabiltzen zuen euskara, eta gaur egun, berriz, hirutik batek egiten du euskaraz.

Lorpen horietan zerikusi handia izan dute bai AEDk eta baita AEDtik sortutako erakundeek ere, lan mardula egin dute-eta euskara arrasatearren bizi esparru guztietara zabaltzeko. Meritua, noski, ez da AEDrena bakarrik. Horregatik, euskara elkartetik dei egiten diete euskararen alde lan egin duten guztiei urteurrenerako antolatu diren ekitaldietara hurbiltzeko, eurekin batera ospatu nahi dute-eta data berezi hori. Hala, AEDk urtemugako ekintzetan parte hartzera animatzen ditu AEDko bazkideak, euskalgintzan diharduten beste erakundeak, herrikideak, kultura taldeak eta administrazioa.
Era berean, euskara elkartetik adierazi dutenez, mende laurden honetan egindako lan oparoa ospatu bai, baina "oraindik ere  egiteke asko dago".

Urteurrena, inflexio puntua

Euskararen alde asko egin bada ere, asko dago egiteko. Hau da, euskararen egoera orain dela 25 urte baino hobea den arren, hainbat esparrutan badago zertan hobetu –gazteengan euskarak duen presentzia, esaterako–.

Horrenbestez, AEDkoek 25. urteurrenaren ospakizun ekitaldietan aukera paregabea ikusten dute euskalgintzan etorkizunean egin beharko den lanari begira jartzeko. Hala, urteurrena erronka moduan hartu dute, "jardunaldi baten bitartez ekarpen tekniko aberatsa" egiteko asmoz. Gainera, euskara elkartetik diotenez, aurreko beste bi helburuak –ekitaldiez gozatzea eta euskara elkarteak sendotzea– ondo bideratzen badira, 25. urteurrena "inflexio puntu garrantzitsua" izango litzateke euskara  arrasatearren bizi esparru guztietara zabaltzeko.

Leloa, abestia eta DVD-a

Urteurrenerako lelo sinplea bezain egokia aukeratu dute: Arrasate Euskaldun Dezagun. Prentsa oharrean jakinarazi dutenez, "AEDren izenak berak ezin hobeto islatzen ditu Arrasateko euskara elkarteon zerizana eta batasuna". Abestia ere egin dute AEDren 25. urtebetetzerako. Goseren kantuaz gain, herriko zenbait musika taldek irailerako grabatuko duten kantu baten bidez egingo diote AEDri omenalditxoa. Bestalde, Arrasate Komunikabideen (ARKO) historia kontatuko duen DVD bat argitaratzeko lanak martxan dira dagoeneko.

Urteurreneko blog berezia

Blog berezia egin dute urteurreneko informazio guztiarekin. Hor entzun dezakezue abestia ere. Helbidea: goiena.net/blogak/aed25urte

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak