Arrasate Lehiaketen 24. edizioa aurkeztu du AEDk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urr. 25a, 11:35

Etorkizuneko idazle eta literaturagileen bila, AEDk abiarazi du Arrasate Lehiaketak ekimena. Erabat errotuta dagoen lehiaketak dira dagoeneko eta aurten 24. edizioa biziko dute. Arrasate eta inguruko 17 urtetik beherako gaztetxoendako antolatutako ekimena, lau lehiaketa izango ditu: poesia, ipuina, komikia eta bertso paperak. Lanak entregatzeko azken eguna izango da otsailaren 4a.

Euskarazko obra originalak eta sekula saritu, argitaratu edo emititu gabekoak aurkeztu behar dituzte gaztetxoek eta gaia librea izango da lehiaketa guztietan. Aldi berean, parte hartzaile bakoitzak gura beste lan aurkez ditzake eta lanok entregatzeko azken eguna da otsailaren 4a. 

Finalistak, apirilaren 8an
Idazlanak hiru kopiatan, tarte bikoitzez eta ordenagailuz idatzita entregatu behar dira. Lan guztiak lelo batez sinatuko dira eta horrekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztu behar da, azalean lelo bera duena, ikasturte eta lehiaketa zehaztuz. Barruan, berriz, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarri beharko dira. Helbide honetara entregatu behar dira lanak: Pablo Uranga 6 behea, 20500 Arrasate.
Bestalde, finalistak apirilaren 8an jakinaraziko dira Goienkaria-n eta AEDren webgunean. Eta sari banaketa ekitaldia, azkenik, apirilaren 14an egingo dute. Opariak eta dirua emango diete irabazleei. 

Azaroaren 12tik aurrera, antzerki tailerra

Azarorako antzerki tailerra antolatu du AEDk, "sormena landu eta barruan daramagun aktorea kanporatzeko". Egubakoitz arratsaldetan elkartuko dira Kulturateko Loramendi gelan, 18:00etatik 20:00etara. AEDko bazkideek edo Topakide txartela dutenek 30 euro ordaindu beharko  dute eta gainontzekoek 35 euro. Izena eman edo informazio gehiago jasotzeko 943 77 12 28 telefonora deitu edo aed@aedelkartea.com helbidera idatzi. Iurgi Etxebarria antzerkigile aretxabaletarra izango da irakaslea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak