Administrari, administrari laguntzaile eta erizainak behar ditu Udalak

Ubane Madera 2008ko ira. 16a, 13:26
Hiru lan poltsa osatzeko deialdia egin du Arrasateko Udalak: erizainen lan poltsa, administrarien lan poltsa eta administrari laguntzaileen lan poltsa. Zapatuan, irailaren 13an zabaldu zuten lan poltsa horietan izena emateko epea, irailaren 22ra arte.

Lan poltsa horietara aurkeztu ahal izateko, badira betebeharreko baldintza batzuk. Adibidez, erizainen lan poltsara aurkezteko beharrezkoa izango da erizaintzako diplomaduna edo osasun laguntzaile teknikoa izatea.

Administrarien lan poltsara aurkezteko, berriz, Goi Batxilergoa, Lanbide Heziketa bigarren mailakoa edo haren baliokideren bat izan beharra dago.

Bukatzeko, administrari laguntzaileen lan poltsarako, honako titulu akademikoetako baten jabe izan beharra dago: Eskola Graduatua, Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo haren baliokidea.

Hiru lan-poltsen kasuan, hautagai moduan aurkezten direnek ez dute azterketarik egin beharrik izango, bakarrik exijitutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Udalean. Hori bai, aurkeztu beharreko agiri horiek izan beharko dira jatorrizko agiriak edo bestela, behar bezala konpultsatutakoak.

Zalantzaren bat izanez gero edo informazio gehiago behar izanez gero, Biztanleen Arreta Zerbitzura jo behar da edo honako telefono zenbakira deitu: 943 25 20 00.

Hori lan poltsei dagokienez, baina Arrasateko Udalak iragarri du funtzionario izaera duten beste hamar lanpostu betetzeko deialdia egingo duela. Kasu horretan, jakina, lanpostu fijoak izango dira; honako hauek: kultura etxeko laguntzailea, kultura ekintzetako laguntzaile bi, hodi iturgin bat, euskaltegiko irakasle bat, delineante bat, hiru administrari laguntzaile eta administrari bat.

Lanpostu horiek betetzeko deialdia Gipuzkoako Buletinean argitaratuta dago, orain Estatuko Buletinean argitaratu behar dute. Behin hori eginda zabalduko dute izena emateko epea. Udaleko Pertsonal Sailetik emandako xehetasunen arabera, espero dute urrian zabaltzea deialdia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak