Adin guztietako ehunka lagunek kirolez jantzi dute Mojategi

Jon Berezibar 2008ko urr. 26a, 19:04
Erabili ezean inon diren instalazio onenek ere askorako balio ez dutelako; Mojategiko azpiegitura berriari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko; herritarrak kirola egitera animatzeko eta kirol arloan herrian zer egiten den erakusteko: honetarako denerako antolatu zuen Arrasateko Udalak zapatuko Kirol Eguna. Eta emaitza paregabea: antolatzaileen arabera zapatu goizean bakarrik 600 lagun inguruk hartu zuten parte prestatutako ekintzetan, 350 neska-mutikok eta 250 heldu inguruk.

Mojategiko kirolguneak primerako itxura hartu zuen zapatu goizean. Eguraldia ere lagun izan zen, eta kanpoko ekintzak esperotako moduan gauzatu ahal izan ziren honenbestez: esaterako, umeek parapentea probatzeko aukera izan zuten, baita errugbian ibiltzekoa ere. Nagusiei dagokienez, bola-jokoan aritzeko txoko bat ere egokitu zuten kirol honek Arrasaten duen taldeko kideek: izan ere, herriko klub eta taldeek partehartze zuzena izan zuten asteburuko festan.
Baina kanpoan bakarrik ez, barruko instalazioetan ere izan zen zer ikusi eta zer egin. Kantxako harmailak goraino bete ziren era guztietako erakustaldiak ikusteko: pilates, judo, gimnasia, batuka...Eta erakustaldiak amaituta izerditzeko ordua: spinning eskola, arkuarekin eta geziekin proba egiteko aukera...
Jendea gustura geratu zen udalak egun batez eta doan Mojategiko instalazioak ezagutu eta probatzeko emandako aukerarekin. Batzuek, ordea, bazuten kexa bat: gehiegi omen da zerbitzuagatik ordaindu beharrekoa. Eli Roncero Kirol teknikaria ez dago guztiz ados: "Kirolari ematen zaion balioaren arabera da hori; eguneko kafe bat baino gutxiago kostatzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak