Abuztua baino lehen aurkeztu beharko dira aurtengo dirulaguntza eskaerak

Ubane Madera 2009ko eka. 18a, 19:21
Iaz bezala, aurten ere deialdi bakar eta bateratua egingo du Arrasateko Udalak; hau da, udalerriko ia talde eta elkarte gehienek epe bera izango dute 2009ko dirulaguntzak eskatzeko.

Asteon onartu du Udal Gobernuak 2009ko dirulaguntzen deialdia: 868.870 euro, herriko elkarte eta taldeen artean banatzeko. Iazko kopuruarekin konparatuz gero, 10.000 euro pasatxoko jaitsiera dago aurtengo kopuruan. 

Orain, deialdia Gipuzkoako Buletin Ofizialera bidaliko dute eta han argitaratu ostean, hilabeteko epea zabalduko dute eskaerak jasotzeko. Epe zehatza jakin barik, jeneralean, abuztuko oporraldiaren aurretik egin behar izaten dira eskaerok.

Eta adi ibiltzea komeni da. Izan ere, iaz bezala, aurten ere ia elkarte guztiek epe berean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskabide orriak

Laguntzak eskatzeko eskabide orria bete beharra dago eta hori eskura daiteke herriko bost lekutan: Biztanleen Arreta Zerbitzuan, Gazte Informazio Bulegoan, Emakume Txokoan, Musakolako kiroldegian eta Arrasateko Udalaren webgunean (www.arrasate-mondragon.org).

Bi bide daude, berriz, eskaera horiek aurkezteko: Biztanleen Arreta Zerbitzuan edo Musakolako kiroldegian (kirolarekin lotutako dirulaguntzetarako).

Igogailuak eta eguzki plakak

Arrasateko Udaleko hamar sailek parte hartuko dute dirulaguntzen aurtengo deialdian. 
Programei dagokienez, berriz, 25 dira, iaz baino bi gehiago; izan ere, bi ekimen berrirendako laguntzak izango dira aurten: igogailuak ipintzeko eta eguzki plakak ipintzeko dirulaguntzak, hain zuzen. 

Giza beharretarako

Horrez gainera, laguntza orokorrak sailka begiratuta, adibidez, laguntza emango dute Gizarte Ongizate Sailean: erretiratuen elkarteendako, udal tasak ordaintzeko diru baliabide urriak dituztenendako, espetxean preso dauden pertsonen senideen garraio gastuetarako, garatzeko bidean lankidetza programak egiten dituzten gobernuz kanpoko erakundeei laguntzeko eta droga mendekotasunen eta beste mendekotasun psikologikoen tratamendurako.

Enplegu Sailetik, berriz, lanpostu berriak sortzeagatik laguntzak emango dizkiete enpresei.

Euskara ikasteko eta beste

Euskara Sailean, euskaltegietan euskara ikasten dabiltzanei, Udako Euskal Unibertsitatean parte hartzen dutenei edo, adibidez, errotuluak, irudi korporatiboa eta webgunea euskaraz egiten duten enpresa eta komertzioei emango dizkiete laguntzok.
Eta beste adibideren bat ipintzearren, gazte eta kultura elkarteendako, gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko edo ingurumenarekin lotutakoak bultzatzeko laguntzak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak