"Abeslari berri bat hartzeak hutsetik hastea ekarriko luke, eta ez dugu horretarako gogorik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urr. 15a, 12:49
Zirkua behin-betiko itxiko da, Cool Circus talde arrasatearrari lau ikuskizun geratzen zaizkio. Urriaren 31n, Abadiñoko saioaren ostean, karpa jaso eta betirako utziko gaituzte. Julio Hernandez (Arrasate, 1981) bateria jolearekin egon gara agurraren arrazoiez berbetan.

Gaur Lelenarock jaialdian eskainiko duzuen kontzertua zuen azkena izango da Arrasaten. Zergatik utzi behar diozue jotzeari?
Ez da erraza azaltzeko. Hasieratik arazoak izan ditugu elkartu eta entseatzeko; kide batzuk Arrasatetik kanpo bizi dira eta bakoitzak bere bizitza darama.
Hala ere, azken arrazoia eta garrantzitsuena da abeslaria, lan kontuengatik, Euskal Herritik kanpora bizitzera joango dela.

Ez duzue abeslaria ordezkatzea pentsatu?
Orain bertan ez dugu konfiantzazko pertsonarik ezagutzen Txarli ordezkatu dezakeena. Gainera, ez dugu gogorik abeslari berri bat bilatzen hasteko. Izan ere, abeslaria izan ohi da talde bateko erreferentea. Hau da, gitarra jole bat ordezkatzea ez da horren zaila, baina abeslari berri bat hartzeak hutsetik hastea suposatuko luke. Alde horretatik begiratuta, taldearen ibilbidea hemen amaitzea erabaki dugu. 

Urria izango da zuen agurraren hilabetea. Zenbat kontzertu emango dituzue agur esateko?
Bat-batean etorri da kontua eta ez dugu denborarik izan ganorazko agurra prestatzeko. Hala, lau kontzertu lotu ditugu: gaur Taupa tabernaren kanpoaldean joko dugu, urriaren 16an Urretxuko Gaztelekuan, urriaren 22an Altsasuko Gernika tabernan, eta azkenik, hilaren 31n Abadiñoko gaztetxean. Azken kontzertua Bitter Honey taldearekin izango da. Oso harreman ona dugu eurekin eta talde berezia da guretako: talde ezin aproposagoa da Cool Circusen amaiera festan parte hartzeko.

Zuen herrian emango duzuen gaurko azken saiorako zerbait berezirik prestatu duzue?
Kantu gehiago jotzea pentsatu dugu, baina ezer berezirik ez. Noski, betiko ikuskizuna ez da faltako; dena ematera irtengo gara. Gainera, San Juan jaietako arantzatxoa ere kendu gura dugu, zaparrada batengatik hiru kantu bakarrik jo genituen-eta.

Zerbait gaineratzerik nahi?
Jendea animatu gura dugu azken kontzertuetara etortzeko, bereziki lagunei. Ea behingoz etortzen diren!

Lelenarock jaialdia: Herriko rocka erakusteko lau proposamen

Lelenarock jaialdia egingo da gaur eta bihar Taupa tabernaren kanpoaldean. Arrasateko lau taldek joko dute eta rock doinuak izango dira nagusi lau era ezberdinetan aurkeztuta: gaur Los Cretinos eta Cool Circus-ek joko dute. Los Cretinos-ek garaje-rocka eta punka uztartzen ditu eta Cool Circus-en, aldiz, hard-rockak hartzen du pisu gehien. Bihar, bestalde, Los Galerna taldearen surfa eta Bitter Honey-ren rock gozoa izango dira protagonistak. Arratsaldean izango dira kontzertu guztiak, 18:00etan hasita. Eta noski, ez da ezer ordaindu beharko kontzertuez gozatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak