Egokitu beharreko beheko solairuko zatian bulegoak dabiltza egiten orain, ile-apaindegia, fisioterapia gela eta podologoa. "Eta nagusiak bisitatzera datozenendako egongela, kafe makinekin-eta".
Jakinarazi dute azken obra horien ondorioz, datozen hiru hilabeteotan Iturbide egoitzarako sarrera lekuz aldatu beharko dutela, eta sototik sartu beharko dela obrak bukatu arte.
Logelak eta komunak
Bestela, orokorrean begiratuta, logela guztiak berritu dituzte. Eta berrikuntzen artean aipagarrienetakoak dira komunetakoak: "Guztiak egokitu ditugu mendekotasuna duten egoiliarrendako. Adibidez, badaude komun batzuk ezertxo ere mugitu ezin dutenendako gertu. Gela baten adinako komunak dira", azaldu du Montero obra-buruak.
Igogailuak eta instalazioak
Horrez gainera, igogailuak ere berritu dituzte. Bat gehiago ipini dute: "Jakien eta jantzien karroetarako. Eta beste hiru ere badaude: pertsonendako. Bata handiagoa da, esku-oheak igotzeko".
Solairuetako instalazioak ere berritu dituzte, eta orain jangela eta egongela bana ere badituzte pisu bakoitzean. Eta oro har, kolore, argi, berogailu eta halako guztiak aldatu dituzte: "Iluminazio handia ipini dugu, bai, eta horren ondorioz, sentsazioa da guztia dela handiagoa", azaldu du Monterok.
Leiho automatikoak
Eta kuriositate moduan, Iturbiden egin duten obra erraldoia aprobetxatu dute teknologia berrienak ipintzeko. Kuriosoenak, akaso, dira teilatuan daudenak: euriarekin automatikoki ixten diren leihoak ipini dituzte. Laugarren solairuan, berriz, pertsiana automatikoak ere ipini dituzte, geletan.
Ia urtebete berandu
Hori bai, Iturbideko obrek bukatuta beharko lukete; 2007an hasi zituzten eta 2009 hasieran bukatzea tokatzen zen: "Otsailean bukatu behar ziren; hamar hilabeteko atzerapena da. Baina justifikatuta dago, proiektua aldatu delako behin eta berriro. Adibidez, berogailua berritzea ez zuten aurreikusi proiektuan", argitu du Amenabar enpresako ordezkariak.