Abenduaz geroztik, gaur egingo dute aurreneko osoko bilkura

Ubane Madera 2009ko ots. 5a, 12:31
Ohi duten moduan, 19:00etan egin dute hitzordua udalbatzarrerako. Landuko dituzten gaien artean, herrian egindako obren eraginez sortu diren kale berriendako izenak proposatuko dituzte. Eta pare bat mozio ere aztergai izango dituzte: bata nerabeen gainekoa eta bestea Palestinaren gainekoa.

Zerrajerako urbanizazio lanak eta Legarreko eta Emaldiko plan bereziak landuko ditu gaur udalbatzarrak. Horrez gainera, San Kristobal hilerriaren barne araudia aldatzeko proposamena aztertuko dute. Herrian obrak egitearen ondorioz sortu diren kale berriendako izenak aztertuko dituzte.

Eta pare bat mozio ere aztergai izango dituzte. Bata alderdi sozialistak aurkeztu du. Nerabeen artean nahi gabeko haurdunaldiei eta sexu transmisioko gaixotasunei buruzko Osasun eta Kontsumo Ministerioaren prebentzio kanpainarekin lotutakoa da. 

Beste mozioa, berriz, apurtxo bat urrutirago doa, Palestinaraino, hain justu ere. Gobernuko alderdia, EB-Zutik koalizioa, EA eta Aralarren artean adostutakoa da. Labur esanda, "Arrasateko Udalak Israelgo estatuak Gazako biztanleen aurka garatutako azken ekintza armatuak salatzen ditu, eta herri palestinarraren aurkako erasoak berehala eteteko eskatzen du, hamarkadak eta hamarkadak daramatzatelako izu sionistaren eraginpean".

Eta bestelakoen artean, AEBtako politika salatzen du, "Israeli babesa" ematen diolakoan; Europari eskatzen dio laguntzak bidera ditzala palestinarrendako; Madrilgo gobernuari eskatzen dio, besteak beste, eteteko harremanak Israelekin; eta Eusko Jaurlaritzari, berriz, "Israelgo estatu sionistaren jarrera genozida salatzeko mobiliza dadin".


 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak