Iñigo Garitano Gizarte Ongizate teknikari buruak adierazi duenez, Udala aspalditik ibili da tabernaren arazoari irtenbide bat eman guran, baina "kostu altua eta zailtasun asko" duenez, "erremedio bakarra" erretiratuak aldi batez taberna zerbitzu barik uztea da.
Era berean, Garitanok gogorarazi du San Andres auzoan eraikiko den Abaroa berrian "Udalak inbertsio handia" egin duela. Bestalde, Garitanok jakinarazi du erretiratuen batzordearen jarrera "oso ona" izan dela. Izan ere, dio Garitanok, "gustukoa ez den erabaki bat izan arren, orokorrean oso ondo erantzun dute".
gainontzekoa ukitu barik
Tabernak hartzen duen eremua izango da obrek hartuko duten gune bakarra. Hau da, lanek ez dute gainerako gunea hartuko. Aipatutako eremua aprobetxatu egingo dute hitzaldi, eskulan tailer eta beste ekimenetarako. Tabernarik ez da egongo, baina edari hotz eta beroak dituzten makinak jartzekotan dabiltza.
abaroa berria, 2010 bukaeran
Etxaluze baserriak hartzen zuen orubean eraikiko dute Abaroa berria. Diseinu ikusgarria izango duen eraikina izango da, eta 2010 bukaeran amaituta egotea aurreikusita dago. Orduan erretiratuek behar den moduko egoitza –eta taberna– izango dute.