Abaroa berria eta aurrekontua ikusgai bihar erretiratuen elkarteko batzarrean

Jon Berezibar 2008ko mar. 27a, 16:24

Bihar egingo dute Abaroa erretiratuen elkartekoek 17:00etan eta bertan aurtengo aurrekontua aurkeztuko diete bazkideei. Beste gaien artean Abaroa berriaren proiektua ere ikusgai izango dute erretiratuek. Horrez gain, elkartetik bertatik jakinarazi gura dute oraindik ere Salourako bidaiarako lekuak badaudela.

Hiru dira Abaroa elkartetik zabaldu gura dituzten oharrak. Batetik, jakinarazi dute bihar, egubakoitza urteko batzar orokorra egingo dutela. Hitzordua da 17:00etan, elkarteko jolas aretoan. Halakoetan ohi denez, iazko jardunaren gaineko balantzea egingo dute, ekitaldien eta kontu ekonomikoen gainekoa, besteak beste.

Horrez gainera, aurtengo jardunera begira ipini eta 2008rako aurrekontua aurkeztuko diete Abaroako bazkideei. Eta gai zerrendan aurreikusitako gaien artean, bestelakoen artean, Abaroa erretiratu elkartearen leku aldaketa berbagai izango dute. Gogoan izango duzuenez, Abaroa berria egitea onartuta eta proiektua eginda dauka Arrasateko Udalak. Bada horixe izango da biharko batzarrean landuko duten beste gaietako bat.

Hori biharko batzarrari dagokiona baina beste bi jakinarazpen ere egin dituzte Abaroatik. Batetik, jakinarazi dute apirilaren 25era zabaldu dutela bazkidetza kuotak ordaintzeko epea. Gogora ekarri dute beharrezkoa dela kuota hori ordaintzea Abaroak antolatzen dituen edozein aktibitatetan parte hartzeko.

Bestetik, jakinarazi dute maiatzean Saloura joateko plazak hartuta dituztenak pasa daitezkeela Abaroako bulegoetatik bidaia horren azken ordainketa egiteko. Eta abisatu dute norbaitek Saloura joateko interesa balu, oraindik plaza libreak geratzen direla.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak