Abandonatutako autoak erretiratzen hasi da Udaltzaingoa

Ubane Madera 2009ko mai. 25a, 16:43
Udaltzaingoa azken asteotan lan eta lan dabil kalean abandonatutako autoak batzeko zerbitzua atzera ere abiarazi guran.

Izan ere, abandonatutako auto mordoxka pilatu dira gure kaleetan azkenaldian, "guk 32 ditugu kontrolatuta, auto eta motorren artean, baina baliteke gehiago izatea" jakinarazi dute Udaltzaingotik.

Kexuak jaso dituzte

Orain ibilgailu horien jabeak "lokalizatzen ahalegindu" behar dira udaltzainak, auto horiek kaletik ahalik eta lasterren erretiratzeko. Izan ere, berez, Udaltzaingoaren eginbeharrekoa da autoak erretiratzea. Gainera, azken hilabeteotan "pilatu" egin dira abandonatutako autoak Arrasaten, eta horren harira kexu bat zein beste jaso dute udaletxean. "Bat edo batzuk deitzen dute, bai, batez ere, aparkatzeko leku gutxi duten lekuetatik. Izan ere, halako lekuetan agerikoa izaten da autoa abandonatuta utzi duten edo ez, luzaroan aparkalekua okupatzen dutelako eta auzotarrak horrekin jabetu egiten direlako".  

Erdigunean asko

Udaltzaingotik emandako informazioaren arabera, herriko edozein gunetan uzten dituzte autoak abandonatuta: "Gehienak aparkaleku arruntetan daude aparkatuta, gainera, erdiguneko kaleetan asko". Halako aparkalekuetan uztearen arrazoia da inguruko automobilen artean "kamuflatuta" uztea errazagoa delako. "Zarugalde eta Otalora kaleen artean, adibidez, badaude lauzpabost automobil utzita. Auto horien egoera ez da horren eskasa, eta horregatik ez da horrenbeste igartzen. Herriko kanpoko aldeko zenbait gunetan, berriz, abandonatutako autoak askoz ere egoera eskasagoan daude". 

Mugitu egin behar

Jakina, gauza bat da automobila kalean abandonatuta uztea, eta beste bat, luzaroan kalean aparkatuta uztea. Araudiaren arabera, autoa gura beste denboran izan daiteke kalean. Baina ez leku berean. Tarteka mugitu egin behar izaten da, batetik aparkaleku bera luzaroan okupatuta ez izateko, eta bestetik, ibilgailu hori abandonatuta ez dagoela erakusteko.

Hain justu, autoa mugitu behar horrekin kontuz ibiltzea komeni da. Izan ere, zirkulazioaren zerga eta segurua ordainduta izan behar dira autoa mugitzeko. Bi agirietako bat eguneratuta izan ezean, legez ezin da auto hori dagoen lekutik mugitu.

Biltegi aldaketa

Lehen esandako moduan, azkenaldian pilatu egin dira Arrasaten abandonatutako autoak. Eta arrazoia da Udaltzaingoak etenaldia egin duela autoak erretiratzeko zerbitzuan. Azalpenen arabera, auto horiek gordetzeko biltegia lekuz aldatu behar izan dute. "Orain arte Zerrajerara eramaten genituen, baina han ja ez dago lekurik. Orain leku berria behar dugu, oraindik egokitu barik dago, eta horregatik izan dugu zerbitzua geldi; baina orain berriro hasi behar gara autoak batzen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak