"750. urteurrenak guretzat ez du ospakizun zentzurik; garai hartan konkistatuak izan ginen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko apirilaren 26a

'Karta Pueblak 750 urte, ospatu ala ez ospatu?' izenburupean, hitzaldia eman zuten joan den eguaztenean Beñi Agirre, Mirari Bereziartua eta Angel Rekaldek. Interes handia piztu zuen hitzaldiak; bilkuren aretoa lepo bete zen. Idatzita ez dagoen Arrasateko historia ezagutzeko balio izan zuen saioak. Angel Rekalde (Tolosa, 1957) soziologoarekin egon gara hitzaldian ateratako ondorioez berbetan.

Nola joan zen hitzaldia?
Gu oso pozik geratu ginen; bilkura aretoa bete egin zen eta jendeak arreta handiz jarraitu zuen hitzaldia. Hizlarion azalpenen ostean gerturatutakoek hainbat galdera egin zizkiguten, oso galdera zuzenak. Oso saio bizia izan zen, eta hori pozgarria da.
Hala, argi geratu zen gaiak interes handia pizten duela herrian. Izan ere, halako gaiak askotan albo batera uzten dira, hori iragana da pentsaerarekin garrantzia kentzen diote gure historiari. Bada, pisu handia du, gure identitatea eta egun ditugun arazoak iraganetik datoz-eta.

Bada, zuen ustez, 750. urtebetetzea ospatzeko modukoa da Arrasaterendako?
Hitzaldian argi eta garbi esan genuen gure ustez ezetz. Hots, 750. urteurrenak ez duela guretzat ospakizun zentzurik. Azaldu genuen hiri-gutuna zein testuingurutan eman zitzaion Arrasateri eta nola izan zen ikusita ez dago zer ospatu. Izan ere, garai hartan herri euskalduna konkistatua izan zen, esparru propioa galtzeraino.
1200. urteko konkistaren ondoren eman zen, Gaztela gure lurralde antolaketa egiten hasi zenean. Bi lerrotan egin zuten konkista: kostaldetik hasi ziren eta orduan sortzen dira, besteak beste, Hondarribia, Mutriku, Getaria eta Donostia. Bestetik, Nafarroarekiko gerra dela-eta beste herri batzuk sortu ziren: esaterako, Tolosa, Segura eta Ordizia. Horrek argi eta garbi erakusten du Gaztelak guretzat erabat arrotzak ziren interesak jarraitu zituztela gure lurretan sartzeko. Beraz, halako urteurrena ospatzea jokoz kanpo dago, erabat.

Zer egin daiteke, bada, urteurrenaren aurrean?
Hitzaldian erabilitako adibide batekin erantzungo dizut; turkiarrek armenioei egindako sarraskia, hain zuzen. Egun armenioek sarraskia salatu egiten dute, mundu osora ezagutarazi.
Gure iragana ezin dugu ukatu edota ezabatu. Are gehiago, nire ustez ezinbestekoa da kontzientzia kritiko baten oinarrituz gure iragana ondo ezagutzea.

Horretarako egokiak izango dira halako hitzaldiak, ezta?
Memoria historikoa denona da, eta gizarteratu egin behar. Euskal Herrian eta Arrasaten ondare aberasgarria daukagu, hamaika erreferentzia. Eta horietako asko galtzen joaten dira. Horregatik gaiok ikasi, ezagutu eta landu egin behar ditugu gizarte moduan indarra hartzeko. Azken finean, gure erreferentzia propioetatik edan behar dugu, euskal nortasuna indartuz, euskal komunitate moduan aurkezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak