750 txarteletatik 160 inguru geratzen dira Aratusteetako herri bazkarirako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko urtarrilaren 22a

Konturatu orduko gainean izango ditugu aratusteak, hiru aste eskas besterik ez dira geratzen otsailaren 13rako. Izan ere, azken urteetako joerari eutsiz, Aratusteetako komisiñoak zapatuan herria kolore eta umore onez mozorrotzeko apustua berretsi du. Egitaraua urterokoa izango da, baina berritasunen bat edo beste izango da aurten ere. Koadrilek gero eta denbora gutxiago dute mozorro eta karrozak prestatzeko. Leloak dioen moduan, 'ez izan xomorroa eta jantzi mozorroa!'

Ez izan xomorroa eta jantzi mozorroa!. Horra 2010erako Aratusteetako komisiñoak aukeratu duen leloa. Aurten ere, beraz, mozorrotzen ez dena ez da ongi etorria izango...
Azken urteetako joerari jarraituz, zapatuko –otsailak 13– festa bultzatzea da komisiñoaren helburua. Hala ere, martitzeneko jaiarekin ere bat egin dute. Herri bazkarirako txartelak duela aste bi jarri ziren salgai –18 eurotan–eta atera zituzten 750 txarteletatik 160 bat geratzen dira. Basatin eta Kajoin amaitu dira honezkero; oraindik txartelik ez duenak Iluntz eta Monte tabernetara jo beharko du.

Sari berriak
Zapatuko egitaraua iazko berdina izango da: 12:30ean pregoia Biteriko gasolineran eta txarangaz girotutako kalejira, 14:30ean herri bazkaria Uarkapen, eta  bazkalostean, sari banaketa eta kalejira batukadarekin. Batukadak huts egin zuen iaz, baina aurten Arrasaten izango direla ziurtatu du komisiñoak. Amaitzeko, berbena izango da Herriko plazan, 19:30ean.
Berritasun nagusia da karroza, koadrila eta taberna onenaz gain, sari indibidualak ere egongo direla: mozorro ero eta bitxiena saritu egingo da. Bestalde, karrozak egiteko gaztetxea zabalduko da, otsailaren 1etik 13ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak