The vibrators
Ian Carnochan abeslari eta gitarra jotzailearen gidaritzapean, The Vibrators taldeak ez zuen hutsik egin. 1977. urtean sortu zen Ingalaterran The Vibrators. Oraindik ere, Carnochanen gidaritzapean talde trinkoa da. Badaki eszenatokian mugitzen eta ikuskizuna ematen. Iggy Pop munstroarekin egindako biran ikasitakoa barneratuta daukala garbi erakusten du zuzenekoetan.
Hala ere, jarraitzaileak bosgarren abestitik aurrera poltsikoratu zituela esan beharra daukagu. Izan ere, Carnochanek onartu zigun asko afaldu zuela eta betekadaz hasi zuela emanaldia. Zaleek hasierako hoztasuna barkatuta, betiko abesti ezagunak eta arrakastatsuekin gozatu edarra hartu zuten. Bi disko segidan kaleratu dituzte; batetik Under The Radar, abesti berriez osatutako lana, eta bestetik, bertsioez osatutakoa. Bi diskoetako abestiak eskaini zituzten punki ingelesek eta ordu eta erdiko emanaldian. Automatic Lover ezagunarekin 3 Aretoko gangarrak astindu zituzten. Ondoren etorri ziren, Baby baby edota No Way abesti inkonformista.
UK Subs
Eskola zaharreko punkiak pilak kargatuta dituzte. 30 urte baino gehiago eszenatokian eta emanaldi bakoitza lehena izango balitz bezala taularatzen dute. 3 Aretoan etxean moduan daudela azaldu zigun Charli Harper beteranoak. Eta hori igarri egin zen. Dena eman zuen eta ohiko den bezala, UK Subsen emanaldia teknikoki ia bikaina izan zen. "Oso gustura egoten gara areto honetan. Soinua ere apartekoa dauka, gure zuzenekoetarako aproposa", azaldu zigun abeslariak. Urte betean 150 emanalditik gora eskaini dituzte eta sasoiko daudela garbi geratu zen. Jarraitzaileek gustura abestu zituzten Live in a Car diskoko abesti ezagunak.
Eta noski berriro etorriko direla Arrasatera esan gabe doa. Oso gustura etortzen gara Arrasatera edota Debagoieneko edozein herritara. Berriro etorriko gara zalantza gabe", gaineratu zuen Charli Harper mitikoak.