700.000 euro pasa gehiago Iturbideko obrak finantzatzeko

Ubane Madera 2010ko urr. 11a, 13:42
Diputazioak 750.750 euroko dirulaguntza gehigarria emango dio Arrasateko Udalari Iturbide egoitzan egindako obrak finantzatzeko. Dirulaguntza emate horrekin, gainera, Diputazioak onartu egiten du egoitzako obretan egindako proiektu aldaketak eta kapital handitzeak (700.000 euro inguru gehiago) arrazoizkoak izan direla, eta Diputazioari dagokiola kostu osoaren %75 ordaintzea.

Udalak orain jasoko duen dirulaguntza gehigarri horri esker gauzatu ahal izango dute egin barik utzi duten egoitzarako larrialdi irteera. 230.000 euroko inbertsioa egingo dute.

Azken horren harira eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen xehetasunen arabera, larrialdiko eskaileraren proiektua eginda dago eta lizitazio prozesua abiarazita. Asmoa da datorren urtean hastea obrok. "Eskailera egoitzaren kanpotik joango da; beraz, ez du eraginik izango egoitzaren funtzionamenduan". 

Apirilean bukatuta

Iturbide egoitza berritzeko obrak aurtengo apirilean bukatu dituzte. Horiei esker, Arrasateko egoitzak espazio eta zerbitzu berriak irabazi ditu. Batetik, solairu bat gehitu diote, orain arte Abaroa egoitza izan dena. Bestetik, espazioari dagokionez, 98 egoiliarretik 104 egoiliarrendako lekua izatera pasa da egoitza. 

Mendekotasuna dutenendako

Eta ez hori bakarrik, izan ere, Iturbide pertsona nagusi autonomoendako egin zen; hemendik aurrera, berriz, bakarrik mendekotasuna duten nagusiendako izango da, eta guztia egokitu beharra zegoen. Adibidez logela guztiak berritu dituzte, komunak, bereziki. Horrez gain, orain solairu guztiek dute jantoki eta egongela bana, horrela, solairu bakoitza independientea da funtzionamenduari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak