67 lehiakide, San Josepe harrobiaren ideia lehiaketan

Ubane Madera 2008ko eka. 3a, 13:27
San Josepe harrobiaren ideia lehiaketak interesa piztu du inguruan. Horren adibide da Arrasateko Udalak antolatutako ideia lehiaketan izena eman dutenen lehiakide kopurua: 67 enpresa edo profesional.

Gainera, leku ugaritako profesionalek eman dute izena, baita atzerritarrek ere. Udalak emandako datuen arabera, Gipuzkoatik 21 profesionalek eman du izena, Bizkatik eta Nafarroatik bosnak, Arabatik hiruk, Estatutik 29k eta atzerritik lau lehiakidek.

Edozelan ere, esandako moduan, horiek bakarrik dira lehiaketan izena eman dutenak. Oraindik inork ez du proposamenik aurkeztu San Joseperako. Hori egiteko epea irailaren amaieran bukatzen dela aurreratu dute, dena den, ez dute behin betiko data zehaztu.

Kontuak kontu, data hori bukatzen denean jakingo dugu azkenean zenbat lehiakidek eta zein proposamenek parte hartuko duten San Josepeko ideia lehiaketan. Eta proposamen horien artean zein aukeratu duten, berriz, 2009ko martxoan jakinaraziko du Udalak.

Lehiaketa horretan parte hartzen dutenen artean, finalista geratzen den egile bakoitzak 10.000 euroko saria jasoko du. Eta finalista horien artean garaile izendatzen dutenak 88.000 euroko saria eskuratuko du eta bigarrenak, berriz, 12.000 eurokoa.

Udalak aurreikusitako egutegiaren arabera, lehiaketara aurkezten dituzten proposamen guztiak erakusketa publikoan ipiniko dituzte. Eta erakusketa horretatik herritarrek aukeratuko dute finalista bat. Gainerako lauak epaimahai baten bitartez aukeratuko dituzte. Hori guztia egingo dute urria eta azaroa bitartean.

Beraz, lehiaketa abiarazi besterik ez dute egin, momentuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak