643 lagunek eman du izena Arrasateko lanpostu publikoetarako, Internetez

Ubane Madera 2010ko mai. 11a, 13:43
Horixe da Udal Enplegu Sailak jakinarazitako datua: 643 lagun apuntatu dira, momentuz, Arrasateko Udaleko oposizioetara. Baina gehiago izango dira, eta seguru aski, pilatxo bat gehiago, Biztanleen Arreta Zerbitzuan eta korreo tradizionala erabilita izena eman dutenak kontatu barik dituzte-eta. 18 lanpostu publiko bete behar ditu Udalak, horietatik 15era edozein aurkeztu ahal izango dira. Funtzionario izateko lanpostuak dira.

Joan den eguenean bukatu zen Arrasateko Udaleko oposizioetarako izena emateko epea. Eta oraindik ere korreo tradizionalez bidalitako eskaera batzuk jasotzen segitzen dute. Beraz, kontuan hartuta Interneteko eskaerak, gehi BAZera jo dutenenak edo korreoz bidalitako eskaerak, argi dago jende mordoskak emango duela izena Arrasateko azterketetarako.

Administrari edo BAZeko langile

Oraingoz kontatuta dituzten eskaeren arabera, gehienek izena eman gura dute administrari edo Biztanleen Arreta Zerbitzuko lanpostuen azterketetarako. Lanpostu horiez gainera, adibide batzuk ipintzearren, bi udaltzain, bi liburuzain laguntzaile, Ingurumen Eskolako irakaslea, ehorzlea edo peoi lanpostuak ere egonkortu gura ditu Arrasateko Udalak, funtzionario izaera emanez; esandako moduan, guztira, 18 lanpostu egonkortuko ditu, hiru barne promozioa erabilita eta gainontzekoak lehiaketa publikoa deituta. 

Onartutakoak eta baztertutakoak

Udalean jasotako eskaera guztiak aztertu egin beharko dituzte orain, baldintzak betetzen dituzten edo ez ikusteko. Behin hori egin ostean, azterketetarako onartu eta baztertu dituztenen zerrendak argitaratuko dituzte. Interneten ipiniko dituzte, eta Gipuzkoako Buletinera ere bidaliko dituzte. Horrez gainera, lehenengo azterketaren data ere finkatuko dute, baina aurreratu dute uztailean izango dela. 

Azterketak Uarkapen

Azterketei dagokienez, horiek egiteko lekua ere aldatu egin beharko du Udalak. Izan ere, azterketa publiko gehienak Kulturateko aretoetan egiten dituzte, baina ikusita eskaera kopurua, azterketa asko egiteko Uarkape erabili beharko dutela pentsatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak