6. Herensugea pintura lehiaketa, ekainaren 19an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko ekainaren 5a

Arrasateko alde zaharraren berezitasunak margolan bihurtuko dira beste urtebetez ekainaren 19an. Izan ere, Arrasate Margo taldeak, J. Uriarte paper dendak eta Udalak 6. Herensugea lehiaketa antolatu dute ekainaren 19rako. Lehiaketa 9:00etan hasiko da eta parte hartzaileak 10:00ak baino lehen eman beharko dute izena Tamayo paper dendan –Olarte kalea 10–.

Margolariei 10:00etan emango diete euskarria; lehiakide bakoitzaren araberakoa izango da euskarriaren neurria. Gaia eta teknika libreak izango dira, eta baldintza bakarra da alde zaharreko berezitasunen baten gaineko margolana izan behar dela. Lanak Harresi aretoan entregatu behar dira 14:00ak baino lehen eta epaimahaiak 14:30ean emango du aditzera saridunen zerrenda.

Hainbat sari
Hiru modalitate ditu lehiaketak: helduak, gaztetxoak –17 urtetik beherakoak– eta haurrak –13 urtetik beherakoak–. Azken bi modalitateetako lehen bi onenei margo kutxa oparituko diete. Bestalde, helduen artean dirua izango da saria: lehen sariak 600 euro, bigarrenak 400 euro eta hirugarrenak 300 euro. Azkenik, herriko lehenak 300 euro eramango ditu eta bigarrenak, berriz, 150 euro. 
Erakusketa zabalduko dute saritutako lanekin. Gainontzekoak Monte eta Kajoi tabernetan jartzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak