518.000 euro gehiago kostako zaio Udalari Abaroa berria egitea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urt. 20a, 13:12
Etxaluze eraikineko instalazioetan enpresa eraikitzaileak izandako aurreikuspen faltak eragin du aurrekontuaren igoera. Igoera ezberdinen ostean, guztira 518.000 euroko igoera izango du aurrekontuak, obra osoaren %15a. Hala ere, ez da lehen aldia obra handietan mota horretako desbideraketak gertatzen direla. Edozelan ere, proiektua aurkeztu zuen Biark estudio arkitektura enpresak oraindik ere, eta igoerak igoera, eraikinaren prezioa eurak aurkeztutako aurrekontuaren azpitik daudela dio.

Abaroa berria eta San Andreseko auzo alkatetza joango den Etxaluze eraikinaren obrak ez doaz aurreikusitako moduan. Udalak Amenabar enpresa eraikitzaileari esleitu zion erretiratuendako egoitza berria egitea, 3.419.000 euro pasatxoko aurrekontuarekin. Udalak 16 hilabete eman zizkon Amenabarri Biark estudio arkitektura enpresaren proiektu berritzailea Etxaluze baserria zegoen orubean eraikitzeko. Amenabarrek 2010eko martxorako lanak amaitzeko moduan egongo zela adierazi zuen.
Azkenean, baina, gutxienez bi hilabeteko atzerapena –Udalak espero du uda aurretik eraikina funtzionamenduan izatea– eta aurrekontuaren %15eko igoera eman da proiektuan.

Zulo nagusia, instalazioetan
Abaroa berria izan zen asteleheneko osoko bilkura berezian hauts gehien harrotu zituen gaia. Udal talde bakoitzak bere iritzia eman zuen baina izan zen ondorio komunik. Adibidez, zerotik hasten diren obrak esleitzerako orduan enpresa eraikitzailea eta aurkezten diren aurrekontuak modu sakonago batean aztertzea.
Etxaluze eraikinean eman den aurrekontuaren desbideraketari dagokionez, Patxi Arburua Obra saileko arduradunak adierazi du garestitzearen zati handiena eraikinaren instalazioetan eman dela, batez ere tenperatura erregulatzeko sistema berezian. Izan ere, klimatizazio geotermikoa izango du Etxaluzek, hotz beroa zoruan oinarritzen duen sistema, hain zuzen.   

Arkitektoek, ezinezkotzat jo
Biark estudio arkitektura enpresak jakinarazi du Udalari esan ziola Amenabarrek aurkeztu zuen aurrekontuarekin ezinezkoa zela eurak diseinatutako eraikina egitea; Biark-ek 4.300.000 eurotan zehaztu zuen. Azken prezio horri erreparatuz gero, 518.000 euroko igoera eta guzti, egungo obra osoaren prezioa merkeagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak