400 bat neska-mutikorendako udalekuak abiarazi dituzte

Ubane Madera 2008ko api. 11a, 19:08
Joan deneko astean zabaldu zuten, hain zuzen ere, udaleku horietan begirale izateko izena emateko epea (apirilaren 30era arte). Oraingo aste honetan zabaldu dute, 2-10 urte bitarteko umeek izena emateko epea. Eta datorren astelehenean zabalduko dute 10-16 urte bitarteko gazteendako izena emateko epea.

Txatxilipurdiko langileak emandako xehetasunen arabera, izena emateko epe guztiak bukatuko dira maiatzaren 16an. Eta gaineratu du zenbait kasutan adi ibiltzea komeni dela, neska-mutiko kopuru mugatua hartuko dutelako eta izenemate ordenaren arabera hartuko dituztelako: "2-10 urteko ume guztiendako izan dugu lekua beti eta aurten ere izatea espero dugu, beraz, hor ez dago arazorik. Baina 10-16 urte bitarteko gaztetxoendako badago muga, tokiaren arabera hartuko ditugu-eta, izan ere, 30-40 gazterendako lekua bakarrik izango da. Hortaz, komeni da lehenbailehen izena ematea, kanpoan gera ez daitezen", adierazi du Maite San Vicentek.

Udaleku irekiak

Eskaintzari dagokionez, berriz, udaleku irekietan herrian jardungo dute, baina txangoak ere egingo dituzte: "Hiru auzotan antolatuko ditugu: San Andresen, Musakolan eta erdialdean. Auzoaren eta adinaren arabera sailkatuko ditugu umeak. Horren arabera, 2 urteko umeendako izango dira bi orduko udalekuak egunean; 3-6 urtera bitartekoendako, berriz, 10:00etatik 13:00etara izango dira udalekuak eta 6-10 urte bitartekoek aukera izango dute goizez bakarrik edo goizez eta arratsaldez parte hartzeko. Gainera, udalekua horiek Arrasaten bertan izan arren, irteera mordoa egingo ditugu, hondartzara, igerilekura, La Lezera, Arrateko aterpetxera, eta abar". 

Udaleku itxiak, berritasunak

14-16 urte bitartekoendako, berriz, ekimen berria prestatzen dabil aurten Txatxilipurdi: Kosta ala Kosta izenarekin, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldearen artean astebeteko ibilaldia antolatu gura du: "Donostia-Zarautz-Orio-Lekeitio izango da. Udaleku ibiltaria izango den arren, egunean ez dute ibilaldi luzerik egingo eta bidean abenturazko ekintza batzuk egiteko aukera ere izango dute", adierazi du Maite San Vicentek; azaldu du iaz "motxileo" eskaintza egin zutela, baina ez zela sortu talderik; "hortaz, aurten pentsatu dugu ibilaldi lasaiagoa egitea, toki bakoitzean egun oso bat edo bi igaroko ditugu, lagunartean". Getariako udalekua ere berria da, Iaz Etxarrin izan ziren moduan, aurten kostaldera joatea erabaki dute. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak