40 saltoki baino gehiago azokan eta 50etik gora emakume, Takarraran

Ubane Madera 2009ko mar. 6a, 15:29
Emakume baserritar eta artisauen azokarekin hasi eta ikus-entzunezko ekitaldiarekin borobilduko dute domekan Emakumeen Nazioarteko Eguna. Tartean, beste makinatxo bat ekitaldi egingo dituzte. Guztiak ere, emakumeen lana, emakumeek gizartean duten partehartzea eta oro har, emakumeak eurek bistaratzeko helburuarekin.

Azokari dagokionez, 43 bat saltoki ipiniko dituzte 10:00etatik 14:00etara, Seberren. Saltokietan, denetarik: jakiak, bitxiak, osagarriak, baserriko produktuak eta beste. Eta saltzaileen artean ere, denetarik: 12 saltzaile Arrasatekoak izango dira eta horietatik erdiak baserritarrak. Gainerakoen artean, gertutik etorriko dira batzuk, urrunagotik beste batzuk. Adibidez, Oñati, Gasteiz edo Miranda de Ebroko emakumeak izango ditugu. Eta horiekin guztiekin batera, azoka girotzen Ekin elkarteko Emakumeak ere izango dira, talogintzan.  

12 Arrasatekoak

Emakumeen azokan izango diren 40 saltzaileetatik 12 izango dira etxekoak, Arrasatekoak. 12 horietatik sei izango dira baserritarrak, eta gainerakoak artisauak. Baserritarren artean, honako hauek izango dira: Jone Bergaretxe (Gorostiza baserria, Uribarri), Asun Iturbe (Etxeberri baserria, Bedoña), Arantza Olabe (Enuzketa, Gesalibar), Rakel Perez de Arenaza (Askasibar baserria, Meatzerreka), Maria Arana (Ikutixo baserria, Uribarri ), eta Kontxita Berezibar (Bidasoro baserria, Bedoña). Artisauei dagokienez, honako hauek izango dira: Inma Delgado (lepokoak, eraztunak…), Amaia Txabarri (narru-lanak), Maider Altzelai eta Amaia Otadui (narru-lanak eta kakorratz-lanak) eta Nerea Kerexeta (markoak, koadroak eta buztintza). 

Eguerdian, takarraran

Domekan izango den beste ekitaldi jendetsuetako bat izango da Takarraran lasterketa. Eguaztenerako dagoeneko 40 emakumek izena emanda zuten, baina gutxienez, 50-60ren partehartzea espero dute. Eli Roncero Aukeako teknikariak azaldu duenez errugbi eta futbol taldeko eta Arizmendiko neskek parte hartuko dutela iragarri dute; eta, domekan bertan ere eman daitekeenez izena, bada partehartzeak gora egingo duela espero dute antolatzaileek, bereziki, kontuan hartuta lasterketa edozeinek egiteko modukoa izango dela; "batu ditugu normalean korrika egiten dituzten emakumeak, baina ipini dugun ibilbidea ez da anbizio handikoa edozein emakumeri aukera emateko", azpimarratu du Maite Barreñak, Emakume Txokoko arduradunak.   

Bazkaria eta bideoa

Bestalde, herri bazkaria ere egingo dute, 14:00etan, Uarkapen. Eta eguna borobiltzeko, herriko hainbat emakumeren testigantzak batu eta haiekin 15 bat minutuko ikus-entzunezkoa egin dute, 19:30ean erakutsiko dutena, plazan. Ino Galparsororen, Sagra Lopezen edo Malen Errasti zenaren testigantzak daude, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak