Iñaki Gurrutxaga moduan inork gutxik ezagutuko du. Nor ote da? Bada, Harristi. Izen eta abizenez ez, baina ezizenez Arrasateko edozein txokotan da ezaguna. Herrigintzan gogor egiten du lan Harristi-k. Horregatik da hain ezaguna. Arrasateko umeen Olentzero –Gabonetako euskal pertsonaiarik maitatuena imitatzen ez du parekorik–, edozein bazkaritako sukaldari eta bazkalosteko parrandak girotzen –kalimotxoa eskuan duela– aditu. Eguaztenean bete zituen 50 urte, eta egun handia 370 lagunekin batera ospatuko du bihar.
Poteoa, bazkaria eta...
12:30ean hasiko da ospakizuna. Trikipoteoa deituta dago Arrasateko kaleetan zehar. Poteoaren ostean 14:30ak aldera joango dira Uarkapera bertako pilotalekuan bazkaltzeko. Menua Harristi-k hitzartu du catering enpresa batekin: hasierakoak –pate, urdaiazpikoa, zainzuriak eta txanpinoiak–, paella, sahieskiak, goxua, kafea eta kopa.
Eta bazkalostean etorriko dena ezin da iragarri. Agertoki bat egongo da pilotalekuan eta ez dira sorpresa faltako. Horren ostean, noski, parranda nagusi ordu txikiak arte.