Euria lagun, Arrasateko kale eta inguruak badabiltza apurka-apurka garbitzen. Zuri kolorea desagertu eta ohiko asfalto edo baldosak ikusten hasi gara dagoeneko. Hala eta guztiz ere, oraindik aktibatuta segitzen du egunotako larrialdi egoerarako Udalak aktibatu duen zerbitzu berezia eta goizean goizetik ikusi ditugu brigadako langileak, basoetakoak, CESPAkoak eta beste, palak eskuetan, espaloi eta bazterretako izotzak kentzen.
Bestalde, atzo gatza falta izan bazen ere, Beasainera pare bat buelta egin, eta gaurko gatza badagoela jakinarazi dute udal iturriek.
Edozelan ere, oraindik herritar batek baino gehiagok haserrea adierazi gura izan du egunotan Arrasaten izan diren zailtasunen aurrean. "Lotsagarria izan da", horixe da gehien entzun den esaldia, bereziki, BAZen eta Udaltzaingoan. PSE-EEk ere "aurreikuspen" falta egotzi dio udal gobernuari, besteak beste.
Lan-talde berezia
Bada kexu horiei guztiei erantzunez, Patxi Arburuak, Udaleko Obra eta Zerbitzu Saileko arduradunak Arrasate Irratiari azaldu dio Udalaren aldetik "ahalegin guztiak" egin dituztela egoerari aurre egin ahal izateko: "30 tona gatz eta 40 laguneko lan-taldea erabili ditugu", kontatu du zinegotziak. "Elurtea uste baino gogorragoa izan da", hori ere gaineratu du egunotan izan diren arazoen aurrean.
Horrez gainera, zinegotziak gezurtatu egin du kalean askoren ahotan entzun dena: "Asteburuan ez dute lanik egin". Egin egin dutela dio Arburuak, nahiz eta ez den ibili bi egun hauetan ibili diren langile kopuru bera: "Asteburuan ez dugu horrenbeste langile lanerako, baina lanean ibili dira, bai".