3.60 aretoaren agur festa aste bukaeran

Edu Mendibil 2009ko eka. 26a, 14:28
Arrasateko 3.60 aretoa bost urteko etapa ixteko gertu dago. Azken etapa honetan talde asko igaro dira San Andresko aretotik: Marky Ramone, Baron Rojo, Elcano Browning Cream, Su ta Gar, Elliot Murphy, Petti, Gatibu, Discipline eta beste hainbat. Guztira, 250etik gora emanaldi izan dira azken bost urteotan eta, horrez gain, DJ emanaldiek ere presentzia nabarmena izan dute programazioan. Disko jartzaileen kasuan rocka eta musika elektronikoa uztartu dituzte aretoko arduradunek.

Orain, aretoak etapa bati itxiera emango dio. Yago Gascon aretoko dinamizatzaile eta argi teknikariak azpimarratzen duen moduan: "Gure zikloa bete egin dugu eta beste gauza batzuetan murgilduko gara aurrerantzean, gauzak zertxobait aldatu egin direlako eta, logikoa denez, gutako bakoitzak bere egoera pertsonal propio daukalako".
Musika estilo ezberdinak tartekatzea izan da 3.60 aretoaren ezaugarrietako bat: "Musika izan da asteroko protagonista eta estilo ezberdinak jorratzen, pluralak izaten saiatu gara, ikusle ezberdinengana heltzeko ideiarekin. Eta uste dugu lortu egin dugula, gainera, eta horregatik gaude pozik", diosku Gasconek.

Joan den zapatuan agur elektronikoa egin zuten eta San Juan eguneko bezperan azken DJ saioa izan zen, Pablo Akarosen eskutik.

Kontzertuak gaur eta bihar

Gaur, egubakoitza, Gose eta Anger taldeen kontzertua izango da, 22:30ean. Gosek lehenbiziko kontzertua 3.60 aretoan eman zuen, eta, Ines Osinaga kantariak dioen moduan, areto berezia da eurendako. Ziur gaude gaur dena emango dutena taula gainean.

Biharko, zapaturako, musika maratoia iragarrita dago, 16:00etan hasita. Honako talde hauek hartuko dute parte: Bizardunak, Señor No, Obligaciones, Never Surrender, Jukebox, Los Cretinos, Bitter Sabath, Surfin Kaos, Los Galerna, Nuevo Catecismo Catolico, Teen Dogs, Lobo Electrico eta, bukatzeko, DJ saioa Mansilla bergararrarekin. Gasconendako ere kontzertu berezia izango da biharkoa: "Penarik ez daukat aretoa uzteagatik, baina hemendik hilabetera, agian, faltan sumatuko dugu, ez dakit. Edozein modutan, agur indartsua eman nahi diogu, funeral rockeroa". Egondako kontzertu guztietatik bereziki bi nabarmentzen ditu, Arkada Socialek 2007an emandakoa ("ikaragarria izan zen jendearen erantzuna gau hartan") eta Brand Bjork-ena, iaz ("jende gutxi egon arren, kontzertu ederra izan zen, sorpresa atsegina"). Lekukoa beste batzuek hartu beharko dute orain.

Errelebua, irailetik aurrera

Bi lagun izan dira 3.60 aretoko arduradunak, David Naranjo eta Igortz Iturbe, nahiz eta lokalaren kudeaketa hiruzpalau lagunek eraman duten, tartean Yago Gasconek berak. Datorren abenduan bost urte beteko lituzkete lokalarekin, baina asteburuko kontzertuarekin agur esatea erabaki dute. Irailetik aurrera, denboraldi berrian, badirudi Arrasateko bertako gazte batzuek izango dutela lokalaren ardura. Ikusi egin beharko da zer-nolako ibilbidea hartzen duen 3.60 aretoak. Bien bitartean, ibarreko beste musika aretoen eta gaztetxeen eskaintzari eutsi beharko diote musikazaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak