3.60 aretoa: bost urteotakoa, laburtu ezinean

Iker Barandiaran 2009ko eka. 29a, 00:29
Dagoeneko bost urte pasa dira 3.60 aretoa abiarazi zutenetik. Ardura hori izan duen taldeak erakutsi du areto txiki bat izan arren, lan handia eginez posible dela talde asko eta interesgarriak Arrasatera ekartzea. Eta zeregin hori utzi, eta beste batzuei lekukoa utzi dieten agurreko jaialdian ere askotako taldeak, lagunak, izan ziren.

Egubakoitza lasaia izan zen: Arrasateko Anger eta Gose igo ziren agertokira. Lehena ikusteko aukera gutxi izaten da eta mota askotako eraginak dituen rocka egin zuten, tarteka metalarekin mugan egoten dena. Are gehiago, kantu berriak jo zituzten. Gose taldekoek ere erakutsi zuten taula handiak dituztela; eta atzerrian ibili arren, etxean, giro onean, kontzertu borobilak ematen dituztela. Txukunak oso, bien emanaldiak.

Arratsaldean, harrobia

16:00ak pasatuta igo zen eguneko talde jendetsuena agertokira: Iruñeako Bizardunak taldearen estreinaldia izan zen. Mila batailatan ibilitako zortzi musikarik euskal izaera iraultzailea (Santakruz apaiza, aurresku elektronikoak...) eta Irlandako folka bat egin dituzte, hitz oso irudimentsu eta sarkastikoekin. Emango dute zeresana, ziur!  
Pettik eta Lobo Electricok, biek, kale egin zuten, baina izan ziren beste asko: Surfin Kaos punk-rock talde donostiarra jaialdirako elkartu zen espreski; Arrasateko Los Cretinosek rock-and-roll gordina eskaini zuen Amaia teklatu jotzailearen laguntzarekin; Bitter Honeyko arrasatearrek Black Sabbathen arropak (eta biboteak) jantzi eta emanaldi-omenaldi itzela egin zuten. Bestalde, Jukeboxekoek (Arrasatekoa ere bai) ere hainbat bertsio egin zituzten, batez ere Dictators taldearenak. Herriko harrobiarekin jarraituta, Los Galerna gazteak erakutsi zuen surf eta rock-and-rolla abestu barik, instrumentala izanda, ere erakargarria izan daitekeela.

Gauean, gogorrena

Lehenengo round-aren ostean, parrillada egin zuten; eta jarraian, 15 urte luzetan hilda egon den Teen Dogs talde donostiarra berpiztu zuten: NCCko Eneko, Lobo Electricoko Guantxe, Señor Noko Mikel... punk-rock azkarra eta bizia egiten; oso ondo, eta opari moduan, Eskorbutoren Nos engañan kantua.
Hurrena Señor No izan zen. Donostiako talde beteranoa zapalgailua da eta hala aritu zen oraingoan ere, inor preso hartu barik, high-energy eta punk-rockarekin edozeinen gainetik pasatuta. Roy Loneyrekin egindako biraren ostean, puntuan daudela erakutsi zuten.

Listoia altu utzi zuten arren, Nuevo Catecismo Catolicoko anaia donostiarrei ere agertokia txiki gelditu zitzaien: punka eta rocka batuta, eresi asko eskaini zituzten, eta jendearen harrera oso ona izan zen, kantuan, dantzan eta elkarri bultzaka.
Horren ostean, Never Surrender taldearen punk-Oi!-a; eta jarraian, Gasteizko Obligaciones-en rock makarra. Kaleko hitzak eta rock indartsua dira taldearen oinarriak, eta emanaldia hunkigarria izan zen, gonbidatu eta guzti: Xabi Señor No, MCDko Tonino eta beste. Eskerrik asko 3.60an egindako lanagatik eta zorte on, etapa berrian!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak