26 proposamen aurkeztu dituzte San Josepe harrobiko ideien lehiaketara

Miren Arregi Amasorrain 2008ko urr. 12a, 19:38
Arrasateko San Josepeko harrobian, behin leherketak amaitzen direnean zer egin daitekeen erabakitzeko ideien lehiaketa ipini zuen martxan Udalak. Orain, ideiak edo proposamenak jasota -26 proiektu aurkeztu dira guztira-, horiek ikusteko aukera izango dute herritarrek. Lehiaketa irabazteak ez du esan gura San Josepen proiektu hori gauzatuko denik. Proiektuak erakusgai ipiniko dituzte martitzenetik aurrera, Arrasateko Kulturaten.

Arrasateko Udalak, San Josepe harrobirako proposatutako proiektuak ikusgai ipiniko ditu Kulturaten, bihartik azaroaren 9ra arte.
Ezin esan, aurkeztutako proiektuak Euskal Herritik bakarrik iritsi direnik; izan ere, jaso dituzte Gipuzkoatik, Arabatik eta Bizkaitik, baina baita Espainiatik eta nazioartetik ere, hala nola, Frantzia edota Estatu Batuetatik.  San Josepe ideien proiektuan laguntzaile den Naia Ruiz de Eginok egin digu berba, proiektuak sor dezakeen interesaren gainean. "Oso proiektu interesgarria da halako harrobi bati beste erabilera bat ematearena. Gainera, ordainsaria ere ederra da, izan ere, irabazleak 88.000 euro irabaziko ditu eta bigarrenak, 12.000 euro."


Bideragarritasuna irizpide
Ideien lehiaketa hori irabazteak ez du suposatuko San Josepen proiektu hori gauzatuko denik. Behin irabazlea erabakita, "bideragarritasuna aztertu beharko litzateke" dio Ruiz de Eginok. "Zonaldea aztertu eta proiektua orografiara, herriko beharretara edota ingurunera egokitzen den aztertu beharko litzateke, eta nola ez, bideragarritasun ekonomikoa ere ikusi beharko litzateke." Dena den, epaimahaiak finalistak eta  irabazlea aukeratzerako orduan, garrantzia handia emango dio horri, hots, bideragarritasunari."


Herritarren parte hartzea
Herritarrek ere izango dute zeresana lehiaketako  finalistak aukeratzerakoan. Izan ere, finalera pasatuko diren bost proiektuetatik bat izango da herriak aukeratutakoa. Hala, erakusketak irauten duen bitartean, Arrasaten erroldatutako 16 urtetik gorakoek, euren botoa emateko aukera izango dute.
Ideien lehiaketako epaimahaia, 19 lagunek osatuko dute; udaletxeko ordezkariek, proiektuaren sustatzaileek edota arkitektoek, beste batzuen artean. Euren erabakia, 2009an jakingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak