250.000 kilo paper hondakin sortzen ditu urtero publizitateak ibarrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mai. 29a, 19:48

Arrasateko 6 eta 16 urte arteko 2.000 ikaslek Agenda 21 ekimenaren barruan ikerketa egin dute publizitatea gai hartuta eta ondorioetako bat debagoiendarrok postontzietan jasotzen dugun publizitateak urtero 250.000 kilo paper hondakin baino gehiago sortzen dituela. Ondorio hori eta beste batzuk –eta baita arazoen konponbiderako proposamenak– atzoko osoko bilkurara eroan zituzten gaztetxoek.

Legazpiko CEIDA eta Arrasateko Udala auzoko ingurumen eskolek Agenda 21 ekimenaren barruan ikerketa antolatu dute amaitzeke dagoen ikasturte honetan ere. Arrasateko 6 eta 16 urte bitarteko 2.000 ikasle inguruk hartu dute parte azterketan; gaia publizitatea izan da aurten.
Ikastetxe ezberdinetan eroan da aurrera aipatu ikerketa: Arizmendi ikastolako Santa Teresa, Gaztelupe eta Arimazubiko guneetan, Arrasate Institutuan eta Arrasateko Herri Eskolan.

Ondorioak, eta irtenbideak
Ikasleek urtean zehar egindako azterketaren ondorioak atzoko osoko bilkurara eroan zituzten. Mahai gainean jarri zituzten ondorioei, gainera, arazoa konpondu ahal izateko proposamenak ere luzatu zituzten.

Publizitatearekin loturak
Publizitateak hainbat gairekin erlazio zuzena duela adierazi zuten. Lehen lotura hondakinekin egin zuten, eta ondorio nagusia izan zen, ikasleek jakinarazi zutenez, "postontzietan jasotako publizitatearen ondorioz, paper gehiegi alferrik galtzen dela". Izan ere, Debagoienean 250.000 kilotik gora paper hondakin sortzen dira modu horretan. Arazoa konpontzeko proposatu zuten Udalak Publizitaterik ez dioten pegatinak herritarrei banatzea, hauek euren atari edota postontzietan jar dezaten.
Bestalde, publizitatea eta kontsumoa lotu zituzten. Iragarkiek kontsumoa areagotzen dutela berretsi ostean, etxeko produktuek "publizitate gutxi" dutenez, "kaltetuta" irteten direla jakinarazi zuten. Horren aurrean, ikasleek Udalak herriko produktuei lehentasuna eta laguntza ematea proposatu zuten. Azkenik, hormetako zikinkeria ekiditeko publizitate panel gehiago jartzea eta publizitatea arautuko duen ordenantza bat egitea planteatu zuten. Udal agintariek, euren aldetik,esandakoak kontuak hartuko dituztela esan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak