25. urteurreneko diskoari merezi zuen aurkezpena egin zion AEDk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko aza. 21a, 21:06
Atzo aurkeztu zuen AEDk 25. urteurreneko diskoa. Aurkezpen ekitaldi berezia egin zuten gaztetxean: estilo askotariko zuzeneko musika eta jatekoa eta edatekoa doan izan ziren, besteak beste. Musika emanaldia Unai Azkaratek -Azkaiter Pelox- gidatu zuen eta diskoan parte hartu duten zenbait musikari ere igo ziren agertoki gainera. Diskoan herriko zortzi taldek hartu dute parte eta Gosek urteurrenerako egin zuen kantua sartu du. Guztira, beraz, bederatzi kantu. Diskoa salgai dago herriko hainbat taberna eta dendetan eta AEDren egoitzan. Prezioa, AEDkoek diotenez, "sinbolikoa": bost euro.

AEDren 25. urteurreneko diskoak behar den moduko aurkezpena izan zuen egubakoitzean. Euskara elkarte aitzindariak bete- betean asmatu zuen diskoaren aurkezpen ekitaldiarekin. Lekua aukeratzen bete-betean asmatu zuten. Izan ere, ez luke zentzu handirik izango gazteengana heldu gura duen ekimena Kulturaten aurkezteak, adibidez. Ez litzateke hain gertukoa izango, hots, ez litzateke AEDren estiloko aurkezpena izango. AEDk kalean egotea gura duelako, herriarekin harreman zuzenean.
Gazte Txokoetako gaztetxoak ere gonbidatu zituzten aurkezpen ekitaldira; primeran ibili ziren. Jatekorik zein edatekorik ez zen falta izan eta jende larregi gerturatu ez bazen ere, giro ederra izan zen ekitaldi osoan zehar.

Iaz ereindako haziaren fruitua
60 bat lagun izan ziren gaztetxean. AEDk Unai Azkarate, Azkaiter Pelox musikagile eta showman bergararra –gonbidatua aukeratzen ere bete-betean asmatu zuen AEDk– gonbidatu zuen aurkezpeneran alde musikala gidatzeko.
Zuzeneko musika hasi aurretik, baina, Itxaro Artola AEDko dinamizatzaileak hartu zuen hitza. Hasteko, diskoaren nondik norakoak laburbildu zituen. Hala, diskoa 25. urteurreneko ospakizun giroan ereindako haziaren fruitu izan da. Herriko zortzi talde, bederatzi kantu –Gosek urteurrenerako egindako abestia gehituta–, denetariko estiloak eta euskara bultzatzea helburu. Aurkezpenean jarri zituzten salgai eta bertan egoteko aukerarik izan ez zuenak herriko tabernetan, zenbait dendetan eta AEDren Pablo Uranga kaleko egoitzan izango du diskoa erosteko aukera. Prezioa, sinbolikoa: bost euro.

Esker on hitzak
Diskoaz berba egin ostean, esker on hitzak izan zituen Artolak: “eskerrik asko diskoan parte hartu duten taldeei, aurkezpenera gerturatu zaretenoi, gaztetxeari, Shot! estudioari, diskoaren banaketan lagundu duten taberna eta dendei, eta eskerrik asko Azkaiter Peloxi, gonbidatu eta unean bertan baiezkoa emateagatik”. Honek unean bertan hartu zuen hitza: “niretako plazerra da hemen egotea, bergararra izanda AEDren eskaintza jasotzea; etxean moduan sentitzen naiz”. Diskoaren ideia “borobila” dela deritzo gitarra jole bergararrak: “aitzindaria den euskara elkartearen diskoaren ekimen aitzindaria gure bailaran aintzakotzat hartzea” gurako luke. Hala, ibarreko beste euskara elkarteei deia egin zien halako ekimenak bultzatzeko, dioenez, “musikariok beti egoten gara-eta gertu halako aurkezpen ekitaldietan parte hartzeko”. Gero, zuzeneko musikaren txanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak