24 etxebizitzako bi bloke eraiki gura ditu Udalak Garagartza auzoaren sarreran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urt. 29a, 11:39
Udalak babes ofizialeko 24 etxebizitzako bi bloke eraiki gura ditu Garagartza auzoan, auzoko plazaren ondoan. Bertan bizi diren hainbat auzotar kexu dira, hamaika eragozpen ikusten baitiote proiektuari.

Arazoa ez da, auzotarrek jakinarazi dutenez, ez dutela bizilagunik gura, baina "eraikitzea benetan beharrezkoa bada hor daude, besteak beste, lehengo errugbiko eta futbol zelaiak". Hala ere, uste dute Udalak eraikitzeko asmoa duten 24 etxebizitza horiek ez dutela etxebizitzen arazoa konponduko. Beste kexa batzuk ere badituzte: diotenez, blokeek 13 metroko altuera izatea espero da eta horrek "harresi-efektua" sortuko luke egun dauden bederatzi metroko etxebizitzen aurrean. Eta gainera, uste dute itxura aldetik ere kalte egingo liokeela: "auzoaren sarreran 13 metroko bi bloke eraikitzeak auzoaren baserri-itxura apurtuko luke".
Bestalde, proiektuaren gainean informazio falta nabarmena dutela salatu dute Garagartzako auzotarrek. Hala, zuzenean eragiten dieten hainbat datu ez dituzte ezagutzen.

Politikariekin egoteko asmoa
Proiektua hasierako onarpen prozesuan sartuta dago eta horren kontrako alegazioa aurkeztu dute kaltetuek. Orain erantzunaren zain daude.
Horrez gain, auzotarren asmoa da udalbatzarreko alderdi politiko guztiekin egon eta zinegotziek proiektua bertatik bertara ezagutu dezatela. Izan ere, susmoa dute ez hainbat zinegotzik ez dute proiektua behar den moduan ezagutzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak