Joseba Iglesias 19 urteko arrasatearra hil da Udalatxen, istripua izanda

Goiatz Arana Begiristain 2010ko mar. 1a, 09:23
Erreskate taldeek goizaldeko ordu bi eta erdiak inguruan aurkitu dute gaztearen gorpua Udalatxen. Herriko espeleologia taldeko koordinatzailea zen Iglesias.

Atzo, domeka, 22:00ak aldera, hasi zituzten bilaketa lanak Udalatxen, familiak desagerpenaren berri eman bezain pronto. Larrialdi kasuetarako Eusko Jaurlaritzako teknikari batek zuzendu zuen operazioa eta bilaketa lanetan jardun zuten ertzainek, Arrasateko espeleologia taldeko kideek eta biktimaren lagunek ere.

19 urteko gaztea bakarrik joan zen mendira eta, Ertzaintzaren prentsa oharrean jasotzen denez, erorketa baten ostean jasandako zaurien ondorioz hil zen. Donostiako Patologia Forentsera eraman dute gorpua.

Espeleologia, afizio

2009ko ekainaren 12ko Goienkaria-n elkarrizketa egin genion Josebari. Espeleologiaren gainean hauxe kontatu zigun:

Noiz eta nola hasi zinen egiten espeleologian?
Orain dela bost urte-edo. Lagun batzuekin batera eskalada ezagutzen hasi nintzen, eta, oso gustuko nuenez, aitaren eta haren lagun batzuen bitartez kobazuloetako mundua ezagutzeko aukera izan nuen. Gainera, kobazuloak ondo ezagutzeko kuriositate handia neukan, gurasoek txikitan eroan izan naute-eta.
 
Aitak eta haren lagunek erabat asmatu zuten, hortaz.
Zalantza barik. Orain, espeleologia droga hutsa da niretzako. Kobazuloa beste mundu bat da, bertan nagoenean ahaztu egiten naiz kanpoko guztiaz eta bertan gertatzen denaz. Mundu berri baten sartzen naiz, eta izugarri gustatzen zait: txoko berriak bilatu, bertan arnasten den lasaitasuna... Asko dira iluntasunean eta leku estuetan estresatzen direnak. Niri, ordea, horrek guztiak lasaitu egiten nau. Kobazuloetan sartzen garenean lehenengo pausoa lekua aztertzea da, txoko berriak bilatzea eta gunea zein den zehaztea, hain zuzen. Gero, plano batzuk egiten ditugu, eta baita bertako fauna eta geologia ikertu ere. Azkenik, deskribapena, planoak eta argazkiak gure datu basean sartzen ditugu. Kide gutxi gara Arrasateko taldean eta oñatiarrekin batera joaten gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak