Aurreikusitako gai zerrendaren arabera, bi mozio politiko, ordenantza fiskalak eta etxebizitza kontuak landuko dituzte zinegotziek osokoan.
Mozio politikoei dagokienez, bata alderdi sozialistak aurkeztu du, Ondarrun, Gasteizen eta Santoñan izandako azkeneko atentatuak kondenatzeko.
Eta bestea, Arkaitz Biain Talde Mistoko zinegotziak aurkeztu du, azken asteotan izan diren legez kanporatzeen kontra.
Etxebizitza kontuei dagokienez, berriaz, Etxebiderekin hitzarmena sinatzeko aukera aztertuko dute, babes ofizialeko etxebizitzen zozketen kudeaketa Etxebidek eraman dezan, Udalaren lekuan.
Eta ekonomia kontuetan, esandako moduan, ordenantza fiskalak izango dituzte berbagai. Hain zuzen ere, 2009ko ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena aztertu beharko dute.
Bestelako gairen bat aipatzearren, diru kontuekin lotutakoa hori ere, Biteriko eta Laubideko aparkalekuak ustiatzeko 2009ko tarifak finkatuko dituzte.
Osoko bilkura publikoa da, beraz, interesa duen edozein joan daiteke. Ohi duten moduan, 19:00etan hasiko dute batzarra.