Bizkaitik ekarritako 136 haritz, Gipuzkoatik ekarritako 64 gaztainondo eta beste 40 zuhaixka (makatzak, sagar-minak, gereziondoak…) Uribarriko auzo batzordeak eskatutakoak landatuko dituzte bihar, martitzena, Garagartza auzoko Lete partzelan. Zuhaitz guztiak ere bertako espezieak dira, Pello Garai Ingurumen Saileko udal teknikariak azpimarratu duen moduan, "inguruan dagoena ikusi eta imitatu egin behar dugu".
Zuhaitzok landatzeko, Arizmendi Ikastolako eta Herri Eskolako seigarren mailako neska-mutikoen partaidetza izango da biharko Zuhaitz Egunean, 145 ikaslerena, guztira.
Erretiratuendako gonbitea
Horrez gainera, ohi duten moduan, edozein herritar ere gonbidatu gura dute ekitaldira, baina bereziki, erretiratuak: "Askotan euren jatorriz baserritarrak dira edo behintzat landa-gunetik etorritako erretiratu asko daude, eta nahiz eta gero fabrikan lan egin badakite arbola bat zela landatu. Ikusita denbora libre asko dutela, bada gonbite hori egin gura diegu", dio Udal teknikariak. Eta azpimarratu du, baita ere, landaketa egin ostean, hamarretako gozoa izango dela guztiendako eta baita ere oparitxo bana.
Datorren urtean, beste lekuren bat behar
Bestalde, aurtengo Zuhaitz Egunak izango duen berezitasun bat da Garagartzako Lete partzelan egiten duten azkena izango dela: "Zelaitxo bat zen hura eta joandaneko lau urtean bertan egon gara; hala, seguru aski aurtengoa Leten egiten dugun azkena izango da, basotxo ederra dago-eta han. Datorren urterako beste leku bat aurkitu beharko dugu Zuhaitz Egunerako".