Txapelketa 9:00etan hasiko da eta lehenengo faseko partiduek 22 minutu iraungo dute. Hala, taldeak sartu eta irteteko hiru minutu izango dute, antolakuntzak ez du-eta atzerapen handirik izatea nahi. Aurreko edizioetan asko atzeratu izan da txapelketa –iaz finala goizeko 5:00etan amaitu zen– eta antolatzaileek puntualtasuna eskatu dute. Lehen partiduaren ostean kobratuko dute txapelketan parte hartu ahal izateko talde bakoitzak ordaindu beharreko 50 euroak.
Bigarren faseko partiduek 25 minutu iraungo dute. Beraz, atzerapen aipagarririk ezean, 2:30ak aldera jokatuko da final handia.
Sari erakargarriak
Txapelketako irabazleak garaikurra, bazkari bat egiteko oinarrizko osagaia –txuleta, bildotsa... antolakuntzak ez du zehaztu oraindik– eta finaleko baloia irabaziko ditu. Txapeldunordeak, berriz, garaikurra eramango du etxera.
Horrez gain, urtero moduan txapelketako jokalari onena ere sarituko dute, garaikurrarekin. Iaz Julen Zaitegik eraman zuen garaikur preziatua, atezain moduan egindako lan bikainagatik.
Bestalde, lehen fasearen amaieran (19:00ak aldera) lau baloi zozketatuko dituzte izena eman duten talde guztien artean.
Ordutegia kontsultatzeko sartu Zaldibarko futbito txapelketaren webgunean.
24 orduko futbito txapelketa